Produktu eta landare ekologikoak erosteko aukera izango dute Furgobaratza zerbitzuari esker Lezoko Baratze Parkeko erabiltzaileek
Baratza parkea
Lezoko Baratze Parkeko erabiltzaileek baratzezaintza ekologikoaren gainean dituzten zalantzak argitzeko aukera izango dute hilean behin Furgobaratzari esker. Apirilean jarriko dute zerbitzua martxan Gipuzkoako Baratze Parke Sarean, eta hileko hirugarren asteazkenetan egingo du bisita Furgobaratzak Lezoko parkera. Bisita 18:00etatik 19:40era egingo ditu eta momentuz lau bisitaldi egingo dituela jakinarazi du udalak: apirilaren 15ean, maitzaren 20an, ekainaren 17an, eta uztailaren 15ean, hain zuzen ere.
Barazkiak modu ekologikoan ekoiztu
Zalantzak uxatu eta gainera, produktu eta landare ekologikoak erosteko aukera izango dute Furgobaratza zerbitzuari esker Lezoko Baratze Parkeko erabiltzaileek. Ikastaroen gaineko informazioa ere jasoko dute.
Baratze Parkeak norberaren barazkiak modu ekologikoan ekoizteko aukera ematen duen proiektua da. Kutxa Ekoguneak bultzatzen du egitasmoa eta Lezoko Udalak kudeatzen du.