Tiro eremuan jasotako arrastoak
Apirilaren 9an hiru guardia zibilek Donostiako epaitegian deklaratu beharko dute iaz Jaizkibelen izan zen sute baten harira. Eguzki talde ekologistak jakinarazi duenez “fiskaltzak deitu ditu deklaratzera, sutea eragin izana ingurumenaren kontrako delitua izan daitekeelakoan”.
Tiro eremu militarrean material pirotekniko zaharra suntsitzen ari zenean piztu zen sutea, iazko martxoaen 10ean, eta sugarrek mendiko inguru babestua kiskali egin zuten.
Eguzkiren arabera, “epaileek edozein erabaki hartuta ere, arazoa ez da puntuala”, eta “zentzugabetzat” jo dute dituen balioei erreparatuta Natura 2000 sareko Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzea Jaizkibel eta, aldi berean, bertan tiro eremu bat egotea.
Tiro eremua eraistea ekologisten aspaldiko errebindikazioa da, baina Eguzkiren arabera, aldarria indarberritu da “Europako Batzordeak 1997an Jaizkibel Batasunaren Intereseko Leku izendatu zuenetik, eta, batez ere, gero Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu zuenetik”. Era berean, Eusko Jaurlaritzak, 2013an, kontserbazio neurri zehatzak onartu zituela gogorarazi dute.