Eragileen arteko eta Kultura Sailaren arteko elkarlana sustatuko dute; kultura txartela, webgunea eta abar abiaraziko dituzte
Kultura Kreaktiboa marka aurkeztu zuten atzo arratsaldean, Niessen kulturguneko atari berrituan. Marka horrekin, herriko kultura mugimendu guztia bildu nahi dute, udaleko Kultura Saila “abiapuntu eta koordinaziorako gune” izanik. “Errenteriaren ezaugarri nagusia da kultura eta sorkuntza bizitza zabala duela, neurri handi batean, herriko elkarte sare zabalari esker”, esan zuen Irune Balentziaga Kultura zinegotziak.
Elkarte horiek biltzeko “plataforma” bezala definitu du Kultura Kreaktiboa, eta helburua “kultura programek eta zerbitzuek presentzia eta proiekzio handiago” izatea da. Horrela, kultura nortasuna “sendotu” nahi dute, baliabideak optimizatuz, sinergiak sortuz eta herritarrak horren parte izaten saiatuz. “Asmoa da Kultura Kreaktiboa erreferente bihurtzea, udalerriaren nortasuna sendotzeko, turismo erakargarritasuna indartzeko eta garapen ekonomikoan laguntzeko”, azaldu zuen Balentziagak. Hainbat helburu dituzte:
Kulturarako arreta bulego berria egongo da
- Kultura eragileen jarduera sustatzea eta babestea.
- Kultura kolektiboen arteko komunikazioa hobetzea.
- Herritarren parte hartzea sustatzea.
- Udalaren, erakundeen eta eragileen arteko elkarlana eta koordinazioa sortzea.
- Herritarrek aisialdi arloan dituzten kezkak eta eskakizunak identifikatzea.
- Artea eta kultura herritarrei hurbiltzea.
- Kultura bizitza finkatu eta prestigioa ematea.
- Komunikazio bideak ezartzea eragileen artean.
- Kultura etxeak espazio bizi, erakargarri eta mugikor bihurtzea.
- Publikoa ezagutu eta segmentatzea.
Apirilaren 13a, abiapuntua
Kultura Kreaktiboa markarekin dituzten helburuak asko dira, eta hautemangarri izaten hasiko dira apirilaren 13tik aurrera. Horrela, arreta bulegoa jarriko dute kulturguneko atarian. Asteartetik ostiralera 10:00etatik 13:00etara, eta 17:00etatik 20:00etara egongo da irekita, baita larunbat goizetan ere.
Bertan, besteak beste, apirileko egun horretan bertan martxan jarriko duten kultura txartel berria egin ahal izango da. Kultura ekitaldietarako deskontuak lortzeko balioko du, baita Udal Liburutegian liburuak maileguan hartzeko ere. Balentziagak iragarri zuenez, gerora beste hainbat gauzetarako erabil ahal izango da txartela, hala nola, zozketetan parte hartzeko.
Horrez gain,
webgunea izango du Kultura Kreaktiboak. Kultura elkarteen Interneteko erreferente izateko asmoz sortu dute, eta eragileen kideei berau kudeatzeko ikastaroak eman dizkiete, euren ekitaldiak webgunera igotzeko.