Gaur egin dute dendaren inaugurazio ofiziala; bigarren eskuko arropa saltzen dute, eta gizarte bazterketan daudenak kontratazen dituzte
Koopera Storeren inaugurazioa
Koopera Store denda inauguratu dute gaur eguerdian Alfonso XI kalean. Bertan, Kooperako kideez gain, Caritaseko eta Errenteriako Udaleko ordezkariak izan dira. Denda horrek “gizarte eta ingurumen proiektua” uztartzen dituela nabarmendu du Kooperak.
Material birziklatuarekin egindako zinta moztu ondoren, Javier Mariño Kooperako kudeatzaileak hartu du hitza. “Koopera irabazirik gabeko sarea da, eta gaur denda berriaren irekiera ospatzen ari gara”, adierazi du Mariñok. Euren helburua “kontsumo jasangarria” herritarrei hurbiltzea da, eta gizarte barneratzea bultzatzen duten bitartean. Izan ere, gizarte zerbitzuen bitartez kontratatzen dituzte langileak —plantilaren %60 dira—. Langile horiek edukiontzietan jasotzen diren arropak eta oinetakoak Masti-Loidiko duten pabilioian prozesatzen dituzte, eta ondoren beharrizanak dituzten pertsonei dohaintzak egiten dizkiete (7.000 guztira), edo Koopera Store bezalako dendetan saltzen dituzte. Balio ez duten materiala birziklatu egiten dute, eta beste erabilera bat ematen diote.
Denda berria langile eta bezeroen arteko “elkarreraginerako” balioko duela azaldu du Mariñok, Gipuzkoan beste mota bateko kontsumoa egiteko aukera ematen duela. “Euskal Herrian ekonomia solidarioa bultzatu nahi dugu”, gaineratu du. Gainera, Errenteriako Udalaren jarrera eskertu du Mariñok, Koopera sustatzeagatik.
“Ongizate ekonomia bultzatuz”
Jose Ramon Aramendi Gipuzkoako Caritaseko zuzendariak nabarmendu duenez, bere elkartea “beti azkenekoen artean azkenekoekin” dago. “Krisi larri batean murgilduta gaude, eta iaz 20.000 pertsonatik gora lagundu genituen”, azaldu du, “baina beti baikortasuna eduki behar dugu”. Horregatik, Caritasek —Kooperarekin elkarlanean ari da orain dela bi urtetik— “enplegu duinaren aldeko apustua” egiten duela esan du.
Frantzisko aita santuaren hitzak gogorarazi ditu Aramendik: “Baztertzearen kultura alde batera utzi behar dugu”. Gainera, Paul Samuelsonen “ongizate ekonomia” aldarrikatu du, eta eragile publiko eta pribatuen elkarlana goraipatu du.
“Zer nolako mundua eraikitzen ari gara?”
Julen Mendoza alkateak —Jon Txasko Ongizate zinegotziak lagundu du— berandu iristeagatik barkamena eskatu du. “Masti-Loidin egon gara, Kooperaren instalazioak ezagutzen. Bagenuen harremana Caritasekin, baina orain hobeto ezagutu ditugu”, adierazi du.
“Gizarte zibileko beste eragile askorekin batera”, gaineratu du alkateak, “lan izugarria egiten ari dira”. Horrez gain, erakunde publikoek zein pribatuek bazterketaren kontra egiten duten “uztargarria” dela esan du. Gaurkoa ekonomia sozial eta solidarioarentzako “beste urrats bat” dela esan du, eta hausnarketa egin du: “Zein motako gizartea eraikitzen ari gara? Pertsonen ekonomia egin behar dugu”. Bukatzeko, Koopera bezalako proiektuak Errenteria-Oreretan egoteaz “oso harro” dagoela adierazi du.