Parkea diseinatzeko parte hartze prozesuaren gaineko balorazio baikorra egin dute alde guztiek
Skate parkea diseinatzeko batzarretako bat
Herrian skate parkea egiteko udalak antolatu duen parte hartze prozesuak baditu ondorioak: Iturriotz auzoko Gaetxe gunean egingo dute, haren diseinua landu dute, eta gunea dinamizatzeko proposamenak aztertzen hasi dira.
Udalaren nahia da datorren ikasturtearen hasierarako eraikita egotea kirola eta aisia uztartuko dituen gunea. Orotara, 60.000 euroko inbertsioa egingo da bertan hasieran, baina udalak ez du baztertu, behar balitz, hura zabaltzea.
Horretara iristeko prozesua hiru saiotan banatu dute. Azkena aurreko asteartean egin zuten, besteak bezala Elorsoroko bilera aretoan. Bertan gazteak eta udaleko ordezkariak egon ziren.
Balorazio ona
Skate parkearen gaineko parte hartze prozesuaren balorazio baikorra egin du udalak. Saioetara batezbeste 25tik gora balizko erabiltzaile joan direla esan du, eta denen arteko elkarlanak «aho zapore gozoarekin» utzi dituela agente guztiak baieztatu du.
Udalaren asmoa zen batetik azpiegituraren gaineko xehetasunak konpartitu, eta parte hartzearen kulturan gazteak txertatu, «horretan hezteko abiapuntu interesgarria izan da».