Euskal selekzioen ofizialtasuna, hori izan da ESAITen aldarri nagusia
Euskal Selekzioen Aldeko Iritzi Taldeak (ESAIT)
bere bidea bukatutzat ematea deliberatu du. Horregatik, atzo, Oiartzungo Udalaren udalbatzarrean euskal selekzioen ofizialtasunaren alde lanean aritu den taldeari aitortza egiteko adierazpena irakurri zuten gobernu taldeko kideek. Aurretik, H1 eta EAJko zinegotziekin adostu nahi izan zuten adierazpena, baina azken bi alderdi horien erantzunik ez zen izan.
Hartara, Oihan Tello Kirol zinegotzia arduratu zen adierazpena irakurtzeaz. Honakoa da, bere osotasunean:
“Duela ia 20 urte sortu zen taldea, 1996ko udaran, Euskal Herriko selekzioen ofizialtasuna aldarrikatu eta nazioarteko txapelketa ofizialetan parte hartzeko eskubidea defendatzeko helburuarekin.
Hori lortzeko lan asko egin da eta mota guztietako ekintzak burutu: hitzaldiak, mahai-inguruak, mendi martxak (legealdi honen hasierakoa kasu, xanistebanetan), Iratiko Tourra, urteroko partidaren inguruko sentsibilizazio ekintzak… Ekimen horiek kirolari, herritar, sindikatu, alderdi politiko eta hainbat eta hainbat eragile sozialek ahalbidetu dituzte.
Esanguratsuak diren batzuk aipatzearren:
1.- Euskal selekzioaren aldeko manifestua, 1998ko urrian Mexikon jokatu zen Munduko Euskal Pilota Txapelketaren aurretik, euskal pilotari batzuek sinatutakoa, gerora beste batzuek ere sinatu zutena.
2.- Urtero jokatzen den futbol partida, “Herri bat, selekzio bat” lelopean.
Urtetako lan hori eskertu beharrekoa da, egun begi bistakoak baitira lorpenak. Izan ere, inork ez du zalantzan jartzen gure selekzioek ofizialak izateko duten eskubidea. Milaka herritar eta kirolariren inplikazioari esker lortu dugu, eta ESAIT izan da hau gidatzen aritu den taldea.
Egungo egoera soziopolitikoa aldatu delako egin dute ESAITeko kideek ibilbideari amaiera emateko urratsa.
Beraien hitzak hartuta: “ESAITen desagerpenak ez du ofizialtasunaren dinamikaren desagerpena suposatzen; alderantziz, jendarteak zein eragile desberdinek ofizialtasunaren aldeko dinamikan indarrak batu eta aukera baliatu behar dugu Euskal Herria eskenatoki berri batera eramango duen mugimendu bat eraikitzeko.”
Amaitzeko, gure esker ona adierazi behar dugu ezinbestean udaleko ordezkari guztien izenean eta Oiartzungo herriaren izenean.
Ia 20 urte hauetan bidelagun izan gara eta elkarlan horrek balio handia izan du herri hau nahi dugun bezalakoa izan dadin beste pausu bat eman ahal izateko.
Eskerrik asko benetan”.