Gaur goizean hasi dira Artiolak antolatutako III. Gaurkotze Jardunaldiak. Artisautzaren garapena aztertuko dute gaur eta bihar, eta teknologi berriek izan dezaketen papera jorratuko dute. Torrekuan eta Tknika zentroan izango dira ekitaldiak.
Egitarau oparoa prestatu dute.
Irekiera 10:00etan egin dute, eta antolatzaileek zein Artiola babesten duten erakundeetako ordezkariek hartu dute hitza. Jone Idiazabal Artiolako ordezkariak adierazi duenez, euren helburua Euskal Herrian “artisautzak dituen hutsuneak” betetzea da. Gaineratu duenez, artisautzari “negozio bide berriak” ireki nahi dizkiote, eta artisautza “balore kulturala” dela iritzi du. Artiolak artisautza “hobetzeko” lanean ari dela esan du, eta, bide horretan, artisautzari buruzko interesa piztuko duela uste du.
Bere ondoren, Joseba Amondarain aldundiko ordezkariak hartu du hitza. Adierazi duenez, sektore bera “ahalduntzen” ari da, “eta protagonista izan nahi du”. Gaurkotze Jardunaldiak zoriondu ditu, eta artisauei aitortu die “diseinua, merkaturatzea edo errentagarritasuna” bezalako kontzeptuak euren alorrean sartu izana. “Gaurko lanari esker, ereina da geroa, eta laster uzta oparoa jasoko da”, bukatu du.
Zilargi Bitxiakoak eta Criville sariak jasotzen
Julen Mendoza alkateak, bere aldetik, poza azaldu du jardunaldiak “sendotzen” ari direlako. Artiola jaiotzean bera karguan zegoela gogorarazi du: “Udal bezala, artisautzaren aldeko apustua egin dugu. Ez da kapritxoz, plan estrategikoan jasota baitago, uste dugulako herri honek baduela lotura artisautzarekin”. Esan du artisautzaren sustapena ematen ari dela, “nahi genukeena baino mantsoago, ziurrenik”, eta arloarekiko udalak konpromiso “zintzo eta irmoa” duela adierazi du.
Sariak, ex-aequo
Ongietorri hitzaldien ondoren, Argia oinarri lehiaketaren sari banaketa egiten hasi dira. Hamar obra aurkeztu dituzte lehiaketara, eta bi izan dira irabazleak,
ex-aequo, epaimahaiak hala erabakita. Ardi latxaren artileaz osatutako jertse koloretsu bat, Xa izenekoa, izan da. Ataunen bizi den Sandra Crivillek egin du. Saritutako beste artisautza lana Zilargi Bitxiak bikoteak (Naiara Izagirre eta Maddi Zabalak osatutakoa) egindako
Argi ilunak izan da. Irudiak hartzen dituen kamera antzeko bat da.