"Errentagarritasun falta" argudiatuta ezbaian jarri du jaurlaritzak lanak egingo dituztenik
Luzuriagako aparkalekuan egin behar zituzten lanak, ezbaian
Udalak jakinarazi duenez lehengo astean bilera bat izan zuten Eusko Jaurlaritza eta Visesako arduradunekin, Luzuriagako lanen bigarren fasearen inguruan hitz egiteko.
2002ko maiatzean sinatu zuten Pasaiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak Luzuriagan etxebizitzak, aparkalekuak eta ekipamendua bilduko zituen eraikinak altxatzeko lankidetza-hitzarmena. Hamabi urte beranduago Luzuriagako lehen fasea bukatu berri bada ere, bigarren fasean aurreikusitako lanak ezbaian daude. Udalak salatu duenez “errentagarritasun falta” argudiatu dute jaurlaritzak eta Visesak lanei zergatik ez zaien ekin azaltzerakoan. “Duela hamabi urte udalarekin sinatu zuen hitzarmenean bi faseak egingo zirela kontenplatzen zen eta ez Eusko Jaurlaritzari errentagarrien zaiona soilik” kexatu da Udala. “Are gehiago, Pasaia biziberritzeko jarduera gisa saldu zuten, beraz, ongi zekiten Luzuriagako bi faseak beharrezkoak zirela herriarentzako”, kexatu dira.
Luzuriagako bigarren faseak, etxebizitzez gain, Antxorako ekipamenduak jasotzen ditu, hala nola, gizarte zerbitzuetarako bulegoak, 8 etxebizitza tutelatu, Gaztelekua, Haurtxokoa, kultur ekipamendua, behin betiko anbulatorioa eta lur azpiko aparkalekuak. Hori dela eta, udalak “jaurlaritzari exijitu dio Luzuriagako bigarren fasea berandu baino lehen has dezala, hartara, Pasai Antxok behar dituen ekipamenduak lehenbailehen izan ditzan”.