Gaur goizean aurkeztu dute, proiektua lagundu duten erakundeetako arduradunak lagunduta; tartean dira Hondarribiko, Lezoko eta Pasaiako udalak
Arizaga, Agirregabiria. Iraola, Zabalo eta Agirre, liburuaren aurkezpenean
Jaizkibel mendiaren inguruko liburua eman du argitara Aranzadik. Gaur goizean aurkeztu dute
Jaizkibel mendia: ondare naturalaren berrikusketa liburua, zientzia elkartearen egoitzan.
Aurkezpenean Aranzadiko idazkari nagusi Juantxo Agirre Mauleon eta liburuaren editore eta ornitologo Jaun Arizaga izan dira, eta bi zientifikoak laguntzen, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoen zuzendari Ainhoa Iraola, Lezoko alkate Ainhoa Zabalo eta Pasaiako alkate Amaia Agirregabiria egon dira.
Liburua «mugarri historikotzat» j o du Aranzadiko Juantxo Agirrek, eta «ezbairik gabe Jaizkibelen gainean orain arte egin den lan zientifikorik osatuena» dela defendatu du liburuaren editore Juantxo Agirrek. Azken honek azaldu duenez, hiru ataletan banatu dituzte argitaratutakoak: geologiari buruzkoak, itsas eremuaren gainekoak, eta lur eremuaren ingurukoak bereizi dituzte. Artikulu zientifikoez osatutako liburua dela azaldu du editoreak, «ikerlariek Jaizkibelen gainean ezagutzen dituzten guztien berrikusketa sakona».
Guztira, 50 aditu inguruk hartu dute parte ikerlanean, auzolanean. Guztien ekarpena eskertu dute gaur goizean Aranzadin.
Itsas korridorea aldarri
Gaur aurkeztu duten liburuak 2012n Jaizkibel inguruan Lezon egin ziren jardunaldiak ditu oinarri. Orduan hausnartutako guztien ondorio da argitalpena, «Jaizkibelen gaineko ezagutza sozializatzea» helburu. Izan ere, aldundiko ingurumen zuzendariak nabarmendu duenez, «ezagutza eta ezagupenaren gizarteratzea, babesaren aurreko ezinbesteko urratsak dira».
Ildo beretik, Ulia eta Jaizkibel arteko itsas korridorea babestea ezinbestekotzat jo du aldundiko arduradunak, eta Eusko Jaurlaritzari norabide horretan urratsak egin ditzala eskatu dio, “teorian defendatzen direnak, praktikara eramateko”.
Bide beretik, Lezoko alkate Ainhoa Zabalok antzeko egitasmoak babesten jarraitzeko konpromisoa bere gain hartu du eta anfibio eta narrastiekin egiten ari diren lana edota baratza parkearen egitasmoak goraipatu ditu.
Azkenik, Pasaiako alkate Amaia Agirregabiriak, Jaizkibelgo altxorrak babesten jarraitzeko eskatu dio Aranzadiri, Jaizkibel mehatxatutako eremua dela gogoraraziz.