Hilabete eskas falta da hauteskundeetarako, eta epe horretan euren webgunean 30 proposamenak aurkeztuko dituzte
Rodriguez, bere webgunea aurkezten
Hauteskundeetarako hilabete eskas falta da, eta hautagaiak motorrak berotzen hasi dira. Horrela, Jose Angel Rodriguez PSE-EEko alkategaiak gaur aurkeztu du
bere webgunea. Alkategaiak adierazi duenez, webgunea “xumea, hurbilekoa, irekia eta atsegina” da. Hizkuntza “erraza eta praktikoa” dela gaineratu du.
Edukiei dagokienez, hautagaiari buruzko informazioaz gain, hautagaitzako kideena ere agertzen da. “Egun ditugun beste informazio bideen —
udalerriko PSE-EEren webgunea eta
Gipuzkoakoa— osagarria da”, esan du Rodriguezek. Hori bai, zehaztu du euren ekimenez sortu dutela webgunea, eta “aitzindari” direla. Edukia zerrendatzen jarraitu du Rodriguezek, eta argazkiak, harremanetarako bideak, legegintzaldirako proiektua —maiatzaren 8tik aurrera jarriko dute— izango ditu webguneak. Gainera, egunero proposamen bat jakinaraziko dutela esan du alkategai sozialistak. Pixkanaka ariko dira edukiak berritzen, eta orain arte bildutako albisteez gain, berriak ere sartuko dituzte.
Irakurketa politikorako unea ere hartu du Rodriguezek. Hauteskundeetan zerrenda bozkatuena izan nahi dute, euren helburuak gauzatzeko: “Errenteriak aldaketa merezi du, eta horrengatik borrokatuko gara. Hiri hobea, solidarioagoa, formatuagoa eta garbiagoa behar dugu”.