Etxebizitza hutsen gaineko errekargua arautzen duen ordenantzaren moldaketa onartu dute gaur, epea malgutuz, denborak, etxebizitzaz aldatu behar dutenen kaltetan joko ez dezan
Hauteskundeetarako mahaien zozketa egin dute gaurko plenoan
Adostasuna lortu dute gaur goizeko plenoan izan diren talde guztiek gai zerrendako bi puntutan. Aho batez onartu dute indarkeria matxista kasuetan ekiteko protokoloa. Eskualdeko udalerri guztietan landu dute protokolo bera, jokabidea, hala behar izatekotan, berbera izan dadin kasu guztietan.
Denon adostasuna eragin duen bigarren gaia, EAJren mozioaren harira eztabaidatutakoa izan da. Udalerria pintaketekin, pankarta eta kartelekin zikina dagoela argudiatuta, panel informatiboak ezartzea eskatzen zuen mozioa eraman du plenora EAJk. Gogor erantzun die EH Bilduk EAJren zinegotzi Erik Riosek emandako argudioei, eta kritiko agertu da baita ere Ezker Anitzako Xabier Pombo. Honek, mozio alternatiboa aurkeztu du hasiera batean, gaia arautzeko eskatuz, baina oso bestelako argudioak erabilita. Azkenik, ordea, testu alternatiboa adostu dute EH Bilduk eta Ezker Anitzak, eta horixe izan da azkenik talde guztiek bere egin dutena, aho batez onartuta.
Akordio horren arabera, gobernu taldeak Pasaiako lau barrutietan hainbat panel jartzeko konpromisoa bere gain hartu du, udalaren informazioa bertan jarri zein gainontzeko eragile eta elkarteen informazioa zabaltzeko toki gisa. Informazio gune horiek non kokatu eta zer nolako euskarria eman, herritarrekin batera erabakiko dute. Panelen erabilera herriko eragileekin adostuko da, eta herriko eragile sozial eta kulturalek lehentasuna izango dute horiek erabiltzeko orduan. Herriko eragileentzat erabilera doakoa izatea adostu dute.
Araudi aldaketa
Etxebizitza hutsen gaineko errekarguak gaur ere eman du zeresanik. Ordenantzak orain arte jasotzen zituen epeak luzatzea erabaki dute, beti ere, etxebizitza berria erosten duten pertsonen kaltetan joka ez dezan. Ordenantza bizilekua aldatu behar duten familien kaltetarako izan ez dadin aldatu dute araua, izan ere, horixe bera gertatu baitzaie San Pedron, Velascon etxea erosi duten askori. Etxearen erosketa sinatu zutenetik hara bizitzera joan diren arte denbora dezente igaro denez, legez, errekargua ordaintzea zegokien. Araua moldatuta, berriz, ez dute ordaindu beharrik izango.