Datorren ikasturtean jarriko da martxan; haur, gazte eta helduek izango dute bertan
Zaria Koru Eskola berria aurkeztu zuten atzo arratsaldean. Ikusmin handia zegoen, Reina Aretoa jendez lepo baitzegoen. Imanol Elizasuk sortu eta zuzenduko du abesbatza eskola berria.
Ainara Ortiz kazetariak aurkezpen lanak egin zituen, eta proiektu berriak musika eta hezkuntza uztartu nahi dituela nabarmendu zuen. “Errenteria erreferente izan da musika arloan, Euskal Herrian, eta enbaxadore asko izan ditu munduan zehar. Zariak aurrerapauso bat gehiago eman nahi du ibilbide horretan”, esan zuen. Horrela, kultura unibertsala irakasteaz gain, “ikasle bakoitzaren mugak gainditu, eta gainontzekoekin harremanetan jartzeko tresnak” eman nahi dizkiete. “Elkarbizitzaren baloreak” ere indartuko dituztela ziurtatu zuen Ortizek.
Imanol Elizasu
Elizasuk musika, eta bereziki, abesbatzetan duen ibilbide oparoa errepasatu ondoren, zuzendari izango denak hartu zuen. “Kalitatezko hezkuntza” eskainiko dutela adierazi zuen Elizasuk, hiru euskarritan oinarrituta: Koru diziplina, ahots emisioa eta musika hizkuntza. Zazpi urtetik gorakoentzat izango da.
Azaldu zuenez, 27 urteko ibilbidean ikusi duenez, abesteak onura handiak ditu: “Gorputza kontrolatzen laguntzen du, eszenatokietan nola mugitu ere; memoria lantzen da, psikomotrizitatea, antzerki lengoaia…”. Gainera, nerabe eta haurrei balore bereziak helaraziko dizkiete, hala nola, autoestimua, elkarlana, lan diziplina, erreakzionatzen jakitea… baina baita gozatzea ere. Elizasuk gaineratu zuenez, entzuleari “emozioa sortzea” izango da euren helburu nagusia.
Irailetik aurrera hasiko da martxan, baina aurrematrikulazioa maiatzaren 4an hasiko da. Informazio gehiago,
www.zariakorueskola.eus webgunean