Aberastasuna, jasota
Aranzadi Zientzia Elkarteak Jaizkibelen balioak era zientifikoan lantzen dituen argitalpena egin du.
Zehaztasunetik ingurumenaren babesera jauzi egiteko lana egin dute Erakundeetara bidali dute liburua, jakin dezaten zein balio dituen mendiak2012an, Lezon abiapuntu 2012ko azaroan Jaizkibelen gaineko sinposioa egin zuten Lezon. Topaketa horien helburua izan zen mendiaren natura eta kultura ondarearen balioari buruzko ezagutza zientifikoa aurkeztea. Aranzadiren monografikoa bertan esandakoen eta azaldutakoen bilduma da; lehenengoz, mendiko natur ondareari buruzko ezagutza zientifiko guztia biltzen du bi urte eta erdiko garapena izan duen lanak. Baina garapen horrek segida izan behar du. Hala uste du Agirre Mauleonek: «Ikerketa gehiago bultzatzeko baliagarri izango dela espero dut monografiko hau». Zentzu horretan, Lezoko Udala egiten ari den ingurumen lana aitortu zuen Aranzadiko kideak. Sorpresaz beteriko altxorra. Hori da Jaizkibel Aranzadiko kideentzat nahiz mendiaren inguruko udalerrietako agintarientzat. «Hori sozializatu behar da. Bide horretan doa liburua», esan zuen aurreko asteko aurkezpenean Amaia Agirregabiria Pasaiako alkateak, «itsaslabarra babestea ezinbestekoa da. Eraso saiakerak hor daude». Zentzu horretan hitz egin du Juan Arizaga liburuaren editoreak: «Interes askogatik, askoren jo puntuan egon da, eta dago, Jaizkibel. 2012an egindako gogoetetatik sortutako liburua da Revisión sobre el patrimonio natural de la montaña Jaizkibel. Zehatza da, ez dira bildu mendiaren gainean dauden lan guzti-guztiak, baina osoa da. Orain arte, hainbeste gai aztertzen dituen lanik ez da egin». Hiru atalak Europan ia bakarrak diren egitura geologikoak daudela Jaizkibelen esan du Juan Arizaga Aranzadiko kideak, «horiek era objektiboan azaltzen, eta duten balioa aztertzen saiatu gara». Itsas eremuari dagokionez, Arizagaren arabera aberatsa da mendiaren ingurua, ornogabeen populazio iraunkorragatik batez ere, eta joan-etorrian dabiltzan zetazeoen presentziagatik —babesean dauden hainbat zetazeo espezie Jaizkibel inguruan egoten dira—. Eta lur eremuan, flora — interes bereziko hainbat espezie daude kostaldeko mendian— eta fauna —ornodudak, hegaztiak batez ere— arloak xehetu dituzte liburuaren barruan bildu dituzten ikertzaileen dokumentuen bitartez. Azterketa horiek mahai gainean, mendiaren inguruan, Euskal Herrian eta Europa mailan fauna eta flora horrek duen garrantziaren gaineko irakurketa egin dute ikerlanean parte hartu duten zientifikoek, konparazioak ateraz antzeko eremuekin. Arizagaren hitzetan, atera den ondorioa honakoa izan da: «Jaizkibelen daudenak ezagutarazi eta babestu behar dira. Badago lana egiteko oraindik, baina urrats sendoa da liburua». Lan ikusezina Aranzadiko kideek esan dutenez, ikusezina den lan handia dago liburuaren atzean. Baina horrek jarraitzen duela jakinarazi du zientzia elkarteak, «eta liburu hau bezala, egiten ditugun ikerketa guztiak zabaltzea da gure asmoa. Monografiko hau Espainiako Gobernuari, Jaurlaritzari, Europako Batasunari eta bestelako erakundeei bidaliko diegu. Erregistro bidez jasota edukiko dute liburua, hau da, jakingo dute zein balio dituen Jaizkibelek». ‘Jaizkibel amaharri’-ren osagarri Jaizkibel Amaharri iniziatibak Jaizkibeli buruzko dibulgazio liburua argitaratu zuen 2013ko abenduan; Aranzadikoaren osagarri da, zentzu berean doaz, bakoitza bere edukiekin. Iniziatiba horretan «Jaizkibelen maitaleak» daudela adierazi dute bertako partaideek, eta liburuan, bederatzi egilek eta 41 argazkilarik maitasun hori mamiz bete zuten.