San Pedron lehengo astelehenean jazotakoen harira arduraz jokatzeko deia egin du Pasaiako Udal Gobernu Taldeak
Torreatzen, arraun klubeko furgonetak utzitako arrastoa
Orain astebete Torreatzen izan zen gertaerak zer esana ematen jarraitzen du. Udalak esan duenez, Torreatzeko eremua “kasko urbano historikoa” da. Esan dutenez, “horrela jasotzen da Gipuzkoako Foru Aldundiak onartutako arau subsidiarioetan eta Eusko Jaurlaritzak 2002an onartutako Pasaiako kasko historikoen ordenazio urbanistikoko dekretuan”. Eremua kasko urbano historiko gisa izendatua egonik, obra lizentziak kudeatzea edota trafikoa arautzea udalaren eskumena direla nabarmendu dute.
Horrez gain, Pasaiako Portuaren Espazioen Erabilerarako Planean, Torreatzeko eremua “espazio libre eta oinezkoentzako esparrua” gisa jasotzen dela nabarmendu du udalak. Bestalde, pasealekua berritzeko lanak udalak egin zituela gogorarazi dute, “eremu horren oinezko izaera oinarri, pasaitarren 1.200.000 euro inbertituz” eta inguruaren mantenu lanak ere udalak egiten dituela gogorarazi dute.
Mugikortasun Plana
San Pedroko Mugikortasun Plana indarrean ezarriz geroztik da Torreatzeko eremua kotxerik gabeko zonaldea. Han bizi direnei, gauez bertan aparkatzeko baimena eman die udalak, baina gainontzean autoak ezin dira bertara sartu.
Mugikortasun Plana egin bitartean, udalak eta Sanpedrotarra Arraun Elkarteak bilerak egin zituztela gogorarazi du udalak, “elkarteak zituen behar bereziei erantzun asmoz”. Garai hartan egin bezala, gertakarien ondoren ere arraun elkartearekin bildu eta harremanetan ari direla jakinarazi dute.
Udalak esan duenez, bi helburu dituzte aipatu bilerek: “giroa lasaitzea eta proposamen ezberdinak aztertu eta adostea”. Zentzu horretan, “guztiok arduraz jokatzea ezinbestekoa” dela iritzi dio udalak.
Azkenik, “udalak bere langileei bere jardunaren ondorioz izan ditzaketen auzietan babes juridikoa eskaintzen” diela argitu dute, baina udalak ez duela inor epaituko esan dute, ez eta bertsioen eztabaidan sartuko ere.