Miren Aranguren eta Edurne Epelde liburuaren egileetako bi udaletxera hurbildu ziren oiartzuarrei 'Gure genealogia feministak' liburuaren mamia azaltzera
Genealogia feministaren mapa azaldu zuten
Atzo ilunabarrean ‘Gure genealogia feministak’ liburua aurkeztu zuten Miren Aranguren eta Edurne Epelde egileetako bik (hirugarrena Iratxe Retolaza da), udaletxeko areto nagusian. Liburuan jasotakoaren nondik norakoak azaldu zizkieten bertaratutakoei, eta herritarrek ere euren iritzi eta hausnarketak elkarbanatzeko aukera izan zuten.
Miren Aranguren Bilgune Feministako kideak HITZAren galderei erantzun zien.
Euskal Herriko mugimendu feministaren ibilbidea biltzeko beharra nondik sortu zen?
Orain dela zortzi urte gutxi gorabehera Emagin elkartearen barruan eta Bilgune Feministan genbiltzan batzuk konturatu ginen, alde batetik, urte gehiago zebiltzan batzuk beharra zutela ordura arte Euskal Herrian gertatu zen guztia kontatzeko; eta bestetik, militante gazte batzuk, sartu berriak ginenak, konturatu ginen hitz egiten zigutela gauza askotaz ez genekiena ezer. Horri guztiari gehitu zitzaion gure istorio propioa kontatzearena; Euskal Herrian gertatutako ia inon ez zen ageri eta agertzekotan modu nahiko zatituan azaltzen zen. Ikuspegi horretatik, euskal pentsamendu feminista sortzeko asmoarekin herrialde guztietan 60-70 hamarkadatik aurrera egon ziren adierazpen feminista guztiak biltzeari ekin genion.
Nola izan da prozesua?
Bi fase izan ditu. Lehenengoan bilketa lan bat egin genuen eta nahiko zaila izan zen; inon ez zegoen bilduta mugimendu feministaren historia, beraz, elkarrizketa asko egin ditugu protagonistei. Bibliografia pixka bat bazegoen, diskurtsoak-eta analizatu genituen eta informazio asko lortu genuen Bilgune Feministak sortutako materialetan (ponentzia, eskuorri, liburuxka…) autoedizioan oinarritutako horretan guztian. Hemerotekara ere jo dugu eta ikusi dugu gaiari lotutako albisteak oso gutxi zeudela.
Bigarren fasean bildutako informazio hori antolatu eta ordenatu genuen eta idazteari zein irudien bilketari ekin genion.
Liburuak argia ikusteko crowfunding kanpaina abiatu zenuten, oso arrakastatsua izan dena.
Hainbeste urte eta gero, eta hainbeste informazio eta irudi lortuta, mugimendu feministak zerbait polita merezi zuela pentsatzen genuen. Argitaletxe batek bere gain hartzea oso zaila izango zela ikusten genuen eta guk geuk atera genezakeela sinesten genuen; autoekoizpena egin eta jorratu beharreko bide bat ere bada eta horregatik guk argitaratu genuen, baina jende askoren laguntzarekin. Aurreikuspen guztiak gainditu genituen, 6.000 euro eskatu genituen eta 9.000 euro lortu ditugu. Liburuaren aurresalmenta bat bezala proposatu genuen eta hor ikusi genuen jendeak ze konfiantza maila zuen eta ze gogo zuen, ze gose zuen horrelako lan bat eskuartean edukitzeko.
Nola aldatu da mugimendu feminista 50 urte hauetan?
Iratxe Retolaza, Edurne Epelde eta Miren Aranguren
Antolakuntza aldetik berritasun iraunkor bat egon da mugimendu feministan. Hasierako asanbladan oinarritutako antolakuntza batetik pixkanaka berregokitzen joan da behar berrietara, emakumeen interes desberdinetara, egitura desberdinetara… XXI. mendetik aurrera aldaketa handi bat ikusten dugu militantzia ulertzeko moduetan, saretzeko eta antolatzeko moduetan, teknologia berrien eraginez, militantzia modua ere auzitan jartzen da. Feminismoa ez da bakarrik mugimendu feministari dagokion zerbait edo talde antolatuei dagokiona baizik eta eremu eta zirrikitu guztietatik hedatu den ikuspegi bat bat, jarduteko modu bat eta lan egiteko era bat. Beraz, talde feministez gain, gaur egun feminismoa toki askotan ikusten eta jorratzen da. Borroka feministari aldaketa nagusi hori ikusten diot.
Aldarrikapenetan egia da aldatu direla eta sakondu direla, baina oinarrian aldarrikapen berdintsuekin jarraitzen dugu eta horrek erakusten du patriarkatuaren oinarriak ez direla guztiz aldatu; beraz, gaur egun beharrezkoa da 70eko hamarkadan bezala gure gorputza gurea da aldarrikatzea.
Liburuan bildutako istorioren bat gogoan duzu?
Sorpresa handi bat hartu genuen Trikipunk deitutako talde batekin. Antzerki talde bat zen eta pixkanaka trikitixa hartzen hasi ziren, alboka, panderoa eta horrelako instrumentu tradizionalak eta garai horretan punkan sona zuten abestiak bersionatzen hasi ziren. Ekimen feminista askotan hartu zuten parte. Baserritarren jantzi antzekoekin janzten ziren, baina plastikoz eginda eta oso oso jarrera probokatzailea zuten. Ez zuten urte asko iraun. Gaur egun galdetzen digutenean emakumez osatutako taldeen inguruan beti Vulpes etortzen zaigu burura, edo Belladona, eta hauek topatu genituenean poza hartu genuen. Modu xelebrean ekintza feminista probokatzaile bat aurrera eramaten zuten; adibidez, ia-ia txortan egiten zuten plastikozko bidoi batekin. Horrelako talde gehiago egongo ziren ziurrenik. Mugimendu feministarena ezkutatuta egon den istorio bat da.
Kronika moduan aurkeztu duzu, baina ikasbiderik badago?
Bai, bat baino gehiago ziurrenik. Lan hau eginda oso zorionekoa sentitzen naiz, asko ikasi dut ez soilik historiaz, baizik eta gaur egungoaz. Egungoa ulertzeko sekulako pista pila ematen ditu historia ezagutzeak, gogoratze horrek etorkizunera begiratzeko tresnak ematen dizkizu. Modu ausart batean batzuek hasitakoari guk gure aletxoa jarri diogu. Historia kolektibo baten parte sentitzea gauza handia da. Feminista izateak zein garrantzitsua izaten jarraitzen duen ikusi dut, zein ausarta izan behar duzun gaur egun ere feminista izateko eta borroka honen parte izan nahi dudala da nire ikasbidea.
Liburuak zein funtzio betetzea gustatuko litzaizueke?
Lehenik eta behin omenaldi eta aitortza bat lanean ibili diren eta lanean dauden horiei guztiei. Historia hau ikustarazi nahi dugu, belaunaldi berrientzat tresna bat izan dadin. Formaziorako eta beste genealogia batzuk sustatzeko balio dezala nahi dugu, guk gure ikuspegitik egin dugu, baina gauza asko utzi ditugu bidean eta oraindik ikuspegi pila bat daude jorratzeko.