Bilera deitu du udalak bizilagunekin datorren asteartean, portuak eragiten duen kutsadura akustikoaren gaineko informazio ahalik eta zabalena jasotzeko.
Pasaiako portua
Lezoko Udala zarata mapa eguneratzeko lanak egiten hasi da. Portuak sortzen duen kutsadura akustikoarekin kezkatuta daude udal ordezkariak, eta hori dela eta baimena eskatu diote neurketak portuan bertan egiteko. Baimena eman dietela neurketa horiek egiteko azaldu du udalak. Hala ere zarataren neurketak ez dira eremu horretara mugatuko, bertan jarriko badute ere arreta berezia, eta udalerri osoan egingo dituzte ACC Acustica enpresako teknikariek.
Bizilagunen iritzia jaso
Ahalik eta informazio gehien jaso nahi du udalak eta horretarako portu inguruan bizi diren lezoarren iritzia jakin nahi du. Bilera deitu du horren harira ekainaren 2rako, asteartea 19:00etan Kultura aretoan. Bilera horretan prozesuaren nondik norakoak azalduko ditu udalak eta bizilagunen ekarpenak jasoko ditu. Portuko lan jardunak sortzen duen kutsadura akustikoa identifikatu nahi duela esan du udalak,”zein ordutan ematen den, zein maila duen eta bestelako faktoreak jakin nahi ditugu”.
Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politikaren sailaren laguntza jaso du udalak zarata mapa eguneratzeko. 12.750 euroko diru zatia jaso du egiteko eta lanek orotara 20.570 euroko aurrekontua dute.