Oiartzungo Gobernu Taldearen eskertza gutuna
Oiartzuarrei, bihotz-bihotzez:
Azken lau urteetan Gobernu Taldea osatu dugun EH Bilduko zinegotzi taldeak, gure udal jarduna bukatzera doan honetan, oiartzuarrei eskerrak eman nahi dizkiegu gutun honen bitartez.
Legealdi berezia izan da 2011-2015eko hau. Hasteko, gutako gehienok ez genuen sekula gure burua udal-kudeaketan imajinatu aurretik. Baina herri honek pairatzen duen errepresio politikoak eragindako egoera bereziak –hautagai izan zitekeen jende “zikin” eta “garbi”-aren arteko bereizketa egin zuen Espainiak eta, ondoren ere, ilegalizazioaren mamua azken momenturaino Bilduren gainean egon zen- udalgintzan aritzeko proposamenari baietz esatera eraman gintuen.
Egoera politikoaz gain, egoera ekonomikoa ere ez dugu alde izan lau urte hauetan. Azken 30 urtetako krisi handienari eta Martin Beramendi buru izan zuen legegintzalditik (2003-2007) arrastan gaur arte iritsi diren kudeaketa kaxkarraren herentziari aurre egitea tokatu zaigu. Esfortzu handia egin dugu, baina emaitzak ere objektiboak dira: Udalaren zor bizia erdira jaistea lortu dugu lau urtean, eta mailegu berririk eskatu gabe beharrei aurre egiteko gai izan gara. Ondorioz, datozen urteetan inbertsioak egiteko aukera izan dezake Udalak. Guretzako pozgarria da datozenei Udal saneatu bat uzteko gai izan garela pentsatzea.
Eta, egoera txarrean aurrera egin badugu, hein handian izan da Udalaren kudeaketan gardentasuna izan delako oinarria (kontu ekonomikoak azaltzean, zertan gabiltzan azaltzean…). Gardentasun horrengatik, Udala hurbil sentitu dute herritarrek. Eurak izan baitira, benetan, egoera honetan aurrera egiten lagundu dutenak, parte-hartzearekin eta auzolanarekin. Oiartzuarrek udalgintzan duten parte-hartzea geroz eta handiagoa izan dadin pausoak eman ditugu eta auzolanaren filosofia berreskuratzeko oinarriak jartzen ere hasi gara.
Hala ere, badakigu geratu zaizkigula proiektuak gauzatu ezinik. Kasu gehienetan, arrazoi ekonomikoak edo juridikoak izan dira arrazoia. Horiengatik, eta gai guztietan ez dugulako asmatu, gure eginean jarritako gogoa eta esfortzua behintzat aintzat hartzea espero dugu.
Atzera begira jarri eta lau urte hauek baloratzen ditugunean, baina, sentsazio bat gailentzen da gugan: plazer hutsa izan da oiartzuarrentzako lan egitea. Mila esker bide honetan lagun izan zaituztegun guztiei, eta mila esker, baita ere, gugan eta gure proiektuarengan konfiantzan jarri duzuen guztiei. Zuei esker, datozen lau urteetan ere herritar guztien ongizatea, parte-hartzea eta gardentasuna oinarri izango dituen udalgintzan jarraituko baita Oiartzunen.
Era berean, ekainaren 13tik aurrera Oiartzungo Udalaren ardura hartuko duen lan-taldeari animoak eman nahi dizkiogu, baita eskerrak eman ere euren gain hartu duten erronkari ilusioz heldu diotelako. Ziur gaude ahalik eta hoberen egingo dutela. Bide batez, jakin dezatela laguntza behar duten guztian, hortxe izango gaituztela.
Eskerrik asko, Oiartzun!
2011-2015 legegintzaldiko EH Bilduko Gobernu Taldea:
Aiora Perez de San Roman Uria; Irati Etxebeste Madariaga; Pello Aramendi Jauregi; Zigor Goikoetxea Retegi; Manoli Larraiotz Arregi; Oihan Tello Loiarte; Mailu Iragorri Gaztañaga; Asier Legorburu Del Sol; Eider Mitxelena Iribarren eta Miren Irigoien Aizarna.