Trintxer ixtearen kontra manifestazioa deitu dute larunbaterako
13:00etan irtengo da manifestazioa, Euskadi Etorbidetik San Pedrora bidean, 'Trintxer libre eta zabalik' aldarrikatzeko.
Mobilizazio gehiago iragarri zituzten, eta horixe berretsi dute. Edozein unean iritsi daiteke herriko tabernak konfiskatzeko agindua, eta horren zain egon gabe Trintxer elkarteko bazkideek kalera irtetea erabaki dute. Hedabideetara igorritako idatzian, Trintxer bahitzerik ez dutela onartzen adierazi dute elkarteko bazkideek, eta “Trintxer elkartearen kontrako erasoa, elkartze askearen kontrako erasoa” dela salatu dute. Bide beretik, Trintxer elkartea herriari zabalik egon den elkartea izan dela nabarmendu dute bazkideek. “Trintxer Elkartean, Trintxer Mendi Taldeak du bere egoitza, liburutegi txiki bat dago, sukalde eta bulegoak daude, Pasaiako Udalari ere elkartea utzi zaio sukaldaritzako ikastaroentzat”. Horrez gain, herriko bizilagunek gozatu eta elkarteek eskura izan duten egoitza izan dela goraipatu dute. Honenbestez, Trintxer elkartea “libre eta zabalik” nahi dutela aldarrikatzeko, manifestazioa deitu dute larunbaterako. 13:00etan abiatuko da manifestazioa Trintxer paretik, Euskadi Etorbidetik San Pedrora joateko.