Hilabete iraungo dute udaleku irekiek eta hamaika ekimen egiteko aukera izango dute bertan arituko diren ia 200 haurrek.
Udalekuak Lezon
Gaur goizean hasi dira udaleku irekiak Lezon Kultura sailak antolatuta. Bederatzi eta erdietan zuten hitzordua Lezo Herri Eskolan izena eman duten 182 neska-mutilek. Lehenengo eguna izanik urduri zeuden batzuk, eta negarrez zegoen txikiren bat ere izan da, baina ziur guztiek disfrutatuko dutela beraiei begira hilabete osorako antolatu dituzten hamaika ekimenekin. Taldeak osatzen aritu dira lehen orduan udalekuetako arduradun eta begiraleak.
Hamabost talde osatu dituzte guztira hiru adin tarteetan banatuta: txikiak (3-5 urte artean) ertainak (6-7 urte) eta handiak (8-10 urte artean). Adin tarte bakoitzean berriz, bost talde osatu dituztela zehaztu dute arduradunek.
Jolasak eta kantak, txangoak, igerilekura irteera eta Lezoko ohiturak ezagutzeko aukera paregabea izango dute Lezoko haurren udalekuen barruan.