Oarsoaldeko gaixotasun psikikoa duten pertsonek nekazaritzan lan esperientzia izan dezaten, Oiartzungo Arraztalo elkartea bere proiektua ezagutarazten ari da.
Oarsoaldeko sei langileak astelehenetan plazara hurbiltzen dira, kontsumo taldeko kideei euren saskia ematera
Baliabideak eskaini. Horixe egiten du Oiartzungo Arraztalo elkarteak. Baliabideak eskaini gaixo psikikoek gizarte sarean leku bat izateko eta horien etxeetan bizi duten bakardade eta isolamendutik ateratzeko. Arraztaloa da baliabidea, lana, taldean, lurra landuz hamaika alor jorratzen dituzte.
Eskualde mailako proiektua jarri dute orain martxan. Oarsoaldeko beste herriei egiten dutena erakusteari ekin diote; hala, Errenteria-Oreretako, Lezoko eta Pasaiako gaixotasun psikikoa dute pertsonei esperientzia laboral bat izaten erakusten ari zaizkie. Hain justu, Errenteria-Oreretako hiru langile, Pasaiako bi eta Lezoko bat nekazaritza lanetan trebatzen hasi ziren ekainaz geroztik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontu parte hartzaileetako 50.000 euro lortu eta gero. Langile horien aukeraketa Errenteriako Osasun Mentaleko Zentroko profesionalen laguntzaz egin dute.
Irailetik azarora bitarte lan kontratua izango dute. «Lan kontratuarena batez ere da pertsona hauei adierazteko ‘lan serioa duzue, gizarte segurantza, ardura batzuk, eskubide batzuk…’. Laneko seguru batek ere azterketa medikua eskatzen du. Askotan ez dute medikura joateko ardurarik hartzen, beldurrarengatik edo dena delakoarengatik. Baina lanarekin lotze horrekin zeharka ere gauza batzuk etortzen dira», azaldu du Jon del Olmo Arraztaloko kideak.
Arraztalok egindako txostenean [Arazo psikikoak dituzten pertsonen lan integrazioa sustatzeko programa] azaltzen denez, eskualdeko herrietako gaixo psikikoen egoera ez da xamurra: «Hau gainditzeko ezinbestekoa da guretzako eskualdeko herri desberdinetan gaixo psikikoen senide taldeak sortzea, edo gutxienez, senideak taldean lan egiteko dagoen beharraz ohartaraztea». Izan ere, Arraztalok behin eta berriz nabarmentzen du senideen babesa eta konpromisoa. «Familiak inplikatzea lortu behar dugu. Lanean dabiltzan sei langile horietatik bi familia prest daudela ikusi dugu. Herri bakoitzeko errealitatea oso desberdina da, familiei oso ongi azaldu behar zaie horrelako gauza batek zer dakarren», adierazi du Del Olmok, «helburua da ikustaraztea erakunde pribatu eta publikoek eskaintzen dutenaz aparte alternatibak badaudela». Sare moduko bat sortu nahi dute Oarsoaldean.
Laguntzen zailtasuna
Diru laguntzen kontua ez da bide erraza izaten eta Arraztalok hori ongi daki. «Gure kasuan, gure proiektua oso lokala dela esaten digute, baina nik esaten diet: ‘Bai, oso lokala izango da, baina hemen egiten ez dugun lana gero gaixo hauek krisi bat dutenean Osakidetzako zentro batera bidaltzen dira edo foru aldundiak hitzartuta duen zentro batera’. Lokala izango da, baina hemen tratatzen ez duguna gero ondorioak beste administrazioetara joaten dira», argitu du.
Proiektua aurkeztera Oarsoaldeko udaletako Gizarte zerbitzuetara jo zuten zuzenki eta izandako erantzuna ez da asebetetzeko modukoa izan: «Tartean hauteskudeak egon dira eta indefinizioa. Lezon hasieran inolako arazorik ez zegoela esan ziguten, baina agintean zegoen alderdia aldatu egin da; Errenterian politikarien eta teknikarien arteko kontu bat egon da eta momentuz ez dutela ikusten esan ziguten; eta Pasaiatik ez dugu erantzunik jaso». Hori ikusita, Beraungo osasun mentaleko zentrora jo zuten: «Han oso ongi ezagutzen dituzte gaixoak eta gure proiektua bera ere. Espedienteetan begiratu eta sei izen pasa zizkiguten».
Arraztaloren filosofia da dirua dutenean lanpostua sortzea. Gizarte zarbitzuetara joaten dira eta zerrendatik egokiena zein den baloratzen da: «Batzuetan funtzionatzen du, bestetan ez, baina zorionez gehienetan bai». Edonola ere, baratzetako proiektua abiatu zutenetik [ia bost urte] emaitzak «oso onak» izan direla ikusi dute, langileek medikazioa jaistearena, esaterako. Adibidea hor dago, frogatuta.