[Argazki galeria eta bideoa] Trabajadorien memoria gordeta dago
Gaur estreinatu dute 'Trabajadoriak. Frankismoaren esklabuak Oarsoaldean' dokumentala Oiartzunen, memoria historikoa berreskuratzeko beste urrats baten erakusle. Bertan egon da Luis Ortiz trabajadore izandakoa. Oarsoaldeko Hitza
Gaur aurkeztu dute Oiartzungo udaletxean Trabajadoriak. Frankismoaren esklabuak Oarsoaldean dokumentala. Oiartzungo Kattin Txiki memoria historikoa berreskuratzeko taldearen ekimenez aurrera atera da ikus-entzunezko egitasmoa, hainbat talde, eragile eta norbanakoren laguntzarekin, tartean, Oiartzungo Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia. Eta dokumental horretan agertzen den Luis Ortiz izan da gaur Oiartzungo udaletxean: 99 urteko bilbotarra dokumentalean agertu eta trabajadore izandako pertsonen artean bizirik dagoen bakarra da.
Ortizek gogoz ikusi du emankizuna. Pasarte ia guztietan buruarekin gora eta behera egin du, «bai, hala da. Nik hau pasatu dut. Hau horrela da” esanaz bezala. Izan ere, 30 minutuko lanean, NODOren, nahiz Jexux Elosegiren (trabajadore izan zen, argazkizalea, Arkaleko eremuan atera zituen argazki gehienak), edo propio sortutako errekreazioen bitartez atzera begirakoa egiten du dokumentalak, 1939ean Espainiako Gerra bukatu eta ondoren galtzaileen kontra Frankok ezarri zituen zigor neurrien artekoa baitzen trabajadoreena: herri lanak egiten zituzten, errepideak eta guda azpiegiturak batik bat, egoera oso gogorretan eta hiltzeko mehatxupean.
Hortaz, Ortizi omenaldia egiteko aukera ez dute galdu nahi izan gaurkoan Kattin Txikik, Oiartzungo Udalak, nahiz udaletxean izan diren herritarrek. Denen partetik oroigarria jaso du bilbotarrak, eta esan du hark eta trabajadore izandakoek jasandako “sufrimendua, mendeku gosea, eta ezberdina izateagatik errepresioa” horrelako lan batean bildu izana beharrezkoa dela. Ortizek sei hilabete pasatu zituen Oiartzungo Babilobia inguruan esklabu lanean, beste bi urtez Nafarroan izan zuten zeregin horretan.
Trabajadoreen, lekukoen, eta memoria historikoa berreskuratzeko lanean dabiltzan Oarsoaldeko hainbat talde eta eragileren ekarpenak ere daude lanean.
[nggallery id=120]
Ekitaldi ofiziala
Dokumentalaren estreinaldia ekitaldi ofizialek izaten duten kutsua izan du. Pleno aretoa herritarrez gainezka, eta erakundeetako kideen hizketaldiak. Jexux Leonet Oiartzungo alkateak hartu du lehenik hitza. Esan du Kattin Txikik egin duen lana eskertzekoa dela, eta memoria historikoa berreskuratzeko bidean lagun izango duela taldeak udala. “Egia jakiteko eskubidea” ere mintzagai izan du alkateak, lan hori ere aitortuz Kattin Txikiri.
Kattin Txikiko Ramon Gaztelumendik, bere aldetik, Oarsoaldean 18 trabajadore batailioi izan zirela adierazi du, 12.500 pertsona bildu zituztenak —Euskal Herrian 60 batailioi izan ziren, 550 denera Espainiako Estatuan—, eta horrek eskualdean aldaketa soziala eragin zuela nabarmendu du. Aldi berean, Aritxulegin fusilatu zituzten zazpi trabajadoreen izenak esatearekin batera, haien aitortza egin du.
Mikel Mendizabalek, Kattin Txikikoa hura ere, lanean laguntzaile izan dituztenei eskerrak eman dizkie, musikapenean aritu direnei, dokumentalean testugantzak eman dituztenei, “eta edozertan lagungu dutenei” bereziki.
Ekitaldia bukatzeko, Arkaitz Minerrek bere biolinaren doinuekin isil-isilik eta gogoeta betez utzi du udaletxea.
Azken berriak
Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.