Pasaiako Elkarteen Eguna 2016
Pasaiako Udalak aisialdiko begirale ikastaroa egiteko aukera eskainiko die Pasaiako 18 urtetik gorako gazteei.
Antolatzaileek azaldu dutenez, bi behar nagusiri erantzuteko antolatu du udalak ikastaroa: batetik, Pasaiako elkarteetan dagoen begirale beharrari aurre egiteko – dauden begiraleen erreleboa egiteko, eta baita haur/nerabe gehiagori erantzun ahal izateko ere–, eta bestetik, begirale euskaldunen beharrari erantzuteko, eta modu horretan haur eta nerabeen hizkuntza eskubideak bermatu ahal izateko.
Trintxerpeko udal euskaltegian izango da ikastaroa, eta izena ematen dutenek, 200 ordu teoriko eta 120 ordu praktiko osatu beharko dituzte, baita ikastaroaren memoria egin ere.
Ikastaroa urritik ekainera bitartekoa izango da: larunbatetan zortzi ordu egin beharko dituzte, lau goizez eta lau arratsaldez. Hilabetean behin asteburu batean jai hartuko dute. Zubietan, Gabonetako oporretan eta Aste Santuan ez da saiorik egingo.
Ikastaroa euskaraz izango da eta gutxieneko hizkuntza gaitasuna eskatuko da ikastaroa egiteko. Ikastaroa euskaraz jarraitzeko aski gaitasun ez ote duten zalantzan diren gazteei elkarrizketa bat egingo zaie Euskara Zerbitzuan, gutxieneko gaitasuna duten egiaztatzeko.
Herriko beharrei gainbegiratua
200 ordu teorikoetatik 40 ordu Pasaiako Udalak baliatuko ditu bertako herriko hainbat beharri erreparatzeko. Horrenbestez, udalak martxan duen haur eta nerabeen eskubideak bermatzeko plana aurkeztuko dute ikastaroan, eta tratu onaren gaia lantzeko eman ohi den ikastarotxoa txertatuko dute. Modu berean hizkuntza beharren eta estrategien lanketa osatzeko edo indartzeko baliatuko dute ikastaroa.
Praktikak
Udalak eskainiko duen beka sistemaz baliatu nahi dutenek, praktikak Pasaiako elkarteren batean edo udalak dituen zerbitzuetan egin beharko dituzte. Praktikak egiten hasteko beharrezkoa da ikastaroaren erdia, gutxienez, eginda izatea.
Praktikaldiak iraun behar duen 120 ordu horiek ez dago zertan jarduera bakar batean egin. Jarduera batean kopuru horretara ez iritsiz gero, beste jarduera batzuekin osatu daitezke praktika orduak.
Finantzazioa
Ikastaroa dohainik izango da Pasaitarrentzat eta, pasaitar ez izan arren, Pasaiako elkarteren bateko kide direnentzat. Hala ere, izena ematearekin batera, 100 euro aurreratu beharko dituzte, eta abenduan beste 100 euro. Ekainean, ikastaroa bukatutakoan, 200 euro horiek itzuliko zaizkie ikasleei, baldin eta egiaztatzen badute saioetara agertu direla, saioak aprobetxatu dituztela, eta praktikak Pasaiako jardueraren batean egin dituztela.
Titulazioa eskuratzeko eta beka sistemaz baliatzeko ezingo da behar bezala arrazoitu gabe 24 ordu baino gehiago huts egin.
Izen-ematea
Izen emateko epea zabalik dago eta inprimakia udalaren webgunean topa daiteke. Inprimakia bete ondoren,
posta elektronikoz bidali behar da. Informazio gehiagorako 943 004 330 telefono zenbakira dei daiteke edota
emailez idatzi.