Donibaneko udaletxe zaharrean zegoen barometroa abuztuaren 16ko goizaldean lapurtu zuten
Isabel Mancebo Baldaren ilustrazioa
16rako gauean lapurtu zuten. Igande goizaldean. 1903tik Donibaneko Santiago plazan zegoen, udaletxe zaharraren atarian. Barometroa zen, presio atmosferikoa ematen duen gailua. 1903tik zegoen bertan, Felipe Manzisidor sanjuandarrak emandako informazioaren arabera, gailuan Joyeria Sansinenea jartzen zuen. 112 urteren ondoren, desagertu egin da, lapurtu egin zuten zoritxarreko egun horretan. Plazako ikur, arrantzale nahiz herritarrei informazio baliagarria emateaz gain, barometroa ebasteak hutsune emozionala utzi du sanjuandarren artean.
Ikerketa zabalik dago. Pasaiako Udaltzaingoa nahiz Ertzaintza ari dira azterketak egiten. Udaltzainek informazioa bildu dute, testigantzak jaso dituzte, nork, nola eta zertarako baliatu duen barometroa jakiteko, eta haren bila joateko. Ertzaintza, berriz, azterketa zabalagoa egiten ari da, udalerritik gaindikoa, antigoaleko gauzekin salerosketan dabiltzanen merkatua arakatzen, ea barometroa salgai jartzen duten. Pasaiako Udaltzaingoak esan du jada susmagarri bat badagoela, balizko lapurraren pistaren bat badutela.
Baina mina egina dago. Sanjuandarrek ez dute inolaz ere ulertzen nola hainbesteko estimua zioten eguraldia neurtzeko gailua ostu zuten. Haserre daude, asko harrituta ere. Lapurreta izan eta hurrengo egunetan ia ez zen beste hizpiderik izan Pasaiako barrutian. Lapurretaz, eta lapurreta egiteko eraz: barometroa egurrezko marko batean zegoen, beira batek tapatuta; lapurrak nahikoa denbora izan zuen barometroa paretarekin lotzen zuten lau tirafondoak bihurkinarekin kendu, eta markoa, hutsa, zegoen bezala uzteko. Berdin-berdin, baina barometrorik gabe. Lasai egin zuen lan lapurrak; eskularru zuriko lana.
Datu gehiago
Felipe Manzisidorrek lapurretaren ordu tartea kokatu du: «Abuztuaren 15eko, larunbat horretako gaueko hamarretan oraindik hor zegoen; igandean estropada bat ikusteko gelditu ginen plazan, eta orduan konturatu ginen ez zegoela, goizeko hamaikak pasata zirenean». Orduaz, lapurretaren moduaz eta ikerketak argitu beharko dituen bestelako xehetasunetatik gaindi, barometroak Donibanen zuen garrantziaz mintzo da Manzisidor, «ez dakit zein balio ekonomiko izango duen saltzen bada. Duen balioa sentimentala da. Pena da. Lehengo arrantzale zaharrek asko maite zuten, beharrezkoa zuten, erabiltzen zuten. Lapurtu duenak zertarako behar duen hori? Ez dakit…».
Plazako ikurretakoa zen barometroa, duela 112 urte jarri zuten bertan
Udaletxe zaharraren ondoan, gailua zegoen metro eskasera, janari denda du Mila Goikoetxeak. Haserre dago, «ez dago eskubiderik. Noiztik zeraman horrek hemen? Barometroa, plazako ikurretakoa zen. Eta orain zer? Nork eraman du? Lana hartu dute behintzat dena askatu, eta ezer pasatu ez balitz bezala uzten».
Goikoetxeak inolako zalantzarik gabe esan du ez dela agertuko, ez du horren itxaropenik, «eraman dute eta akabo. Baten batek dirua atera du, eta listo. Entzun nuen beharbada konpontzera eraman zutela gailua. Ez bada!»
Goikoetxearen susmoa da lapurretaren egileak barometroa osorik saltzeko asmoa duela, ez duela piezaka salduko. Hori esateko argudiotzat eman du hura bere tokitik kentzeko erabili zen prozedura.
Eta berri bat jarriko balute, presio atmosferikoaren informazioa eman bai, baina ez litzatekeela gauza berbera izango uste du plazan negozioa duen sanjuandarrak.
«Prestatua zuten dena»
«Hori lapurtu duenak lan ona egin du, ez dago zalantzarik. Ondo pentsatua zuen zer eta nola egin behar zuen», esan du Remos tabernako langile Rosa Nevesek. Establezimendu publiko bateko langile izanda, lapurretaren gaineko iritzi asko entzun dituela esan du tabernariak, «denek penarekin hartu dute albistea. Baina sumina ez dute herriko adinekoek bakarrik azaldu, gazteek ere. Estimatua zen barometroa. Baina lapurtu, zertarako? Salduko al dute? Nik uste baten batek etxeko paretean jarriko duela, saldu beharrean…».
Lapurretaren ordua findu du Andres Egañak. Plazan bizi da, barometroa zegoen tokiaren gainean, ondo-ondoan, «Remos tabernatik igande goizalde hartan atera zirenek esan zidaten goizeko bostetan oraindik bertan zegoela». Hortaz, batek zein besteek emandako datuak oinarri, lapurreta abuztuaren 16ko 05:00ak eta 11:00ak artean izan zen: «Egun bateko lana ez da izan. Prestatua zuten dena. Duela urte batzuk barometroa nola desmuntatu zuten ikusi nuen, eta kosta egin zitzaien. Ez da erraza, beraz».
Lapurreta hori, Donibanen izan diren beste batzurekin harremandu duenik bada. Esaterako, motora zerbitzuko ontzi bati ere kanpaia lapurtu diote duela ez asko, «zerikusia izan dezakete bi lapurretek», zehaztu du Gema Montoya herritarrak.