Igandean, Kizki Erronka egingo dute Gamon Zumardian. Herrien arteko desafioa eta Guinnes errekor bat daude tartean. Atlantikaldiaren barruko ekitaldia da.
Erronkaren aurkezpena, gaur
Kizki Eguna, Kizki Desafioa… eta Errenteria-Oreretan, Kizki Erronka. Igandean (hilak 20) egingo dute sagardoarekin eta sagardogintzarekin harremana duen jarduera, Gamon Zumardian, 11:30etik 14:00etara. Jarduera horren barruan bi ekitaldi egingo dira, bata herrien arteko kizki desafioari lotua, bestea Guinnes errekorrarekin harremana duena: sagar forma duen gune batean 500 pertsona sarrarazi nahi dituzte kizki batekin; Hernaniren 436ko marka hautsiko litzateke horrela, Guinnes errekorren liburuan sartuz Errenteria-Orereta.
Gaur aurkeztu dute eguna Niessen elkartean, eta Atlantikaldiaren jardueren barruan kokatu behar da. Aurkezpenean herriko elkarteen ordezkariak, udaleko Kultura zinegotzi Ion Collar, eta Atlantikaldiko antolatzaileetako bat izan dira, Jokin Esnaola.
Kizki Erronkak irailak bereziki duen sagarren jasotzearekin harreman zuzena du. 2009an egin zen lehenengoz, eta inguruan sagardogintzarekin harremana duten herriek parte hartu, eta urtero-urtero egun berezia antolatzen dute: Astigarraga (bertan du jatorria egunak), Oiartzun, Goizueta, Hernani. Donostia, Usurbil eta Errenteria-Orereta dira herri horiek.
Aurkezpenean, herriko elkarteen garrantzia aipatu du Jose Angel Paradak. Erronkaren antolakuntzan Errenteria-Oreretako 21 elkartek jardun dutela adierazi du. Hartu zituzten erabakien artean, lehenetarikoa izan zen Atlantikaldiaren barruan txertatzea ekitaldi berezia.
Bi erronka
Kizki Erronkaren mamia bi desafio dira. Lehena, herrien arteko lehia da, kirol jarduera kutsukoa: zazpi herriek (Donostia, Astigarraga, Oiartzun, Goizueta, Hernani, Usurbil eta Errenteria-Orereta), lauko talde bana osatu behar dute(bi emakume eta bi gizon). Horien zeregina izango da hiru zakutan 40na kilo sagar sartzea horiek kizkiekin jasoz (Zumardian zehar egongo dira sagarrak barreiatuta), eta horiek beteta, lera batean dagoen laugarren zaku bati gehitu, eta lerarekin 10 plaza egin. Ondoren, zakuetako batean dauden sagarrak txikitu beharko dituzte matxaka batean, txikitutako sagarrak jasoz. Hori egiten denbora gutxien egiten duen herriak irabaziko du lehen erronka (11:30ean hasiko da). Irabazleek Egi Luze eta Lizeaga sagardotegietan afaria irabaziko dute.
Bigarrena herrikoiagoa, eta handiagoa da. Zumardian sagar itxurako eremu handi bat marraztu, eta bertan 500 pertsona gutxienez sartu nahi dituzte bakoitza kizki batekin, horrela Hernaniren aurreko marka (436koa) hautsiz, eta aldi berean, Guinnes errekorren liburuan sartuz. Fernando Lopetegi antolatzaileak esan du beharrezkoa dela pertsona horiek guztiek galtza urdinak, alkandora zuria eta Sagardo Eguneko zapia jantzita izatea.
Partaide bakoitzari datu pertsonalak (NAN zenbakia, izen-abizenak eta bestelakoak) eskatuko dizkiote, Guinnes errekorrean behar bezala sar dadin erronka. 16 urtetik beherakoak, egon bai, baina ez dira kontaketan sartuko. “Errekorra egitea ez zaigu zaila iruditzen. Antolatzaile garen 21 elkarteetakoi bakoitzetik 20-25 lagun agertzen bagara, nahikoa litzateke dena ondo joateko”, esan du Lopetegik. Partaide bakoitzak kizkia izan behar du, eta horiek herriko elkarteetan nahiz Sindikaton, Arkaitzan eta Xenpelar kulturdendan daude salgai 5 euroan.
Atlantikaldia
Ez da kasualitatea Kizki Erronkak eta Atlantikaldiak bat egitea. Batetik, datetan kointziditzen dutelako, eta bestetik, sagardoak baduelako harremana itsasoarekin: garai bateko marinelek, ura beharrean, sagardoa eramaten zuten edari bezala, eskorbutoa bezalako gaixotasunak ekiditeko. Hori adierazi du Jokin Esnaola Atlantikaldiaren antolakuntza taldeko kideak, esanaz, igandeko azken eguna arras aberastuko duela Kizki Erronkak.
Ion Collar Kultura zinegotzia, bestalde, pozik agertu da bai Atlantikaldiarekin zein Kizki Erronkarekin herriko talde, elkarte eta eragileek izan duten inplikazioarekin, “gainera, 500eko erronka gaindituko dugu, ziur”.