Oiartzungo Feministen Asanbladak deitu du ekimena Emakumeen Mundu Martxaren harira.
Oiartzungo Feministen Asanbladak deituta hazien mosaikoa osatu dute gaur goizean Doneztebe plazan. Alez ale txukun jarraitu dituzte markatutako lerroak irudia babarrun beltz, zuri eta makiltxoekin osatzeko, besteak beste. Idoia Beratarbide oiartzuarrak egin du mosaikorako irudia. Zuhaitz bihurtzen den emakumea irudikatzen du. Emakumeen Mundu Martxaren harira egin dute gaurko ekitaldia.
Orain, mosaikoa lehortzen utzita, Fermiñene kanpoaldean jarriko dute datorren astean. Leloa ere jarriko dute bertan:
Feminismoa ereinta, burujabetza uzta.
Kurdistandik hasi zen martxoaren 8an Emakumeen Mundu Martxa. Bosgarrena da, eta Oarsoaldetik urriaren 1ean pasatuko da. Euskal Herrirako pentsatutako leloa
Gure gorputzak, gure lurraldeak, martxan jarraituko dugu guztiok libre izan arte da, eta aurtengo sinboloa haziak dira.
[nggallery id=145]