Bidaia, euskarazko literaturan barrena
Lehen aldiz irakurketa kluba izango da Pasaian. Xabier Etxaniz Rojok gidatuko du eta estreinako saioa hilaren 19an egingo dute Trintxerpen
Lehenengoz hasiko du bidea irakurketa talde batek udalerrian Trintxerpeko eta San Pedroko liburutegietan egingo dituzte saioakIkasturte bukaerara bitartean irakurriko dituzten liburuak honakoak dira, hurrenez hurren: Hiru Mariak (Arantxa Urretabizkaia); Alkasoroko benta (Mikel Taberna); Post-it bizitzak (Iolanda Zuñiga); 19 kamera (Jon Arretxe); Muskuiluak afaltzeko (Birgit Vanderbeke); Nevadako gauak (Bernardo Atxaga); Ez naiz ni (Karmele Jaio), Pereirak dioenez ( Antonio Tabucchi); eta azkenik, Neguko Zirkua (Harkaitz Cano). Hilean behin Saioak hilabetean behin izango dira, hileko hirugarren astelehenarekin batera, eta tokia tartekatzen joango dira: Trintxerpeko liburutegia eta San Pedroko liburutegia (barrutiko plazan dago, alkateordetzan). Modu horretara, irisgarritasuna aitzakia ez izatea nahi dute, eta pasaitar guztiak animatzea literatura ardatz izango duen iniziatiba berritzailearen partaide izatera. Oraingoz — asteazkeneko datua da— sei lagunek eman dute izena irakurketa klubean, baina deialdia irekia da. Nahiz eta izena ez eman, liburua irakurria izanez gero, irakurketa klubera joateko deia zabaldu du Etxaniz Rojok: «Badakigu ez dela izango zerbait masiboa, literaturak ez du erakarriko jende asko. Hala ere, kopuru minimoa bete dugu». Liburua eskuratzea ere ez da ez parte hartzeko aitzakia izango, eta liburua ez dela zertan erosi behar zehaztu du gidariak. Izan ere, mailegua egin ahal izango da Pasaiako liburutegietan. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren mailegu programa baliatuko dute, eta irakurtzen duten liburuaren arabera, normalean baino ale gehiago aurkituko dituzte partaideek liburutegietan.
Taldearen gidaria Xabier Etxaniz Rojo idazle pasaitarra izango da Parte hartzeko ez da zertan literaturan aditu izan beharIrakurketa klubak ez ditu arrotz Etxaniz Rojok, bera ere partaide moduan askotan izan baita. Gidari moduan, ordea, lehenengo aldia izango da. Bere lana jendeak ahalik eta gehien parte hartzea izango dela adierazi du. «Denek parte hartzea gustatuko litzaidake. Ez zait iruditzen adituaren lana egitea dela nirea. Gainera, ez naiz aditua. Idazlea naiz, literaturaz badakit zerbait, baina ez naiz aditua. Horrelako klub batek behar duena da jendeak parte hartzea eta iritziak ematea». Iritziak partekatzerakoan gustatu-ez zait gustatu dinamikatik harago joatea da bere asmoa, «liburuen klabeak, ideiak, zerk harritu gaituen, zer espero genuen…». Hasieran gehiago kostatuko zaie, lehenengo eguna «urduria» izaten dela onartu baitu. Hala eta guztiz ere, argi utzi nahi izan du klubean parte hartzeko ez dela aditua izan behar, «bakoitzak liburua modu batean bizi du, eta hori partekatzea bilatzen dugu». Orain, ikusteko dago jarraipena izango duen ala ez: «Garrantzitsuena da honek funtzionatzea orain. Datorren urtera begira ikusiko dugu».