Produktu siderurgikoen, txatarraren eta automobilen trafikoek egin dute behera; goraka, berriz, zerealak eta ongarriak
Arrantza portuan, deskargen beherakada baxurako arrantzak eragin du; irudian, ‘Ansia’ ontziak lehengo otsailean arrantzatutako andejak.
Portu Agintaritzak esan duenez, uda igaroz geroztik moteldu egin da trafikoen gorakadaren erritmoa. Gogoratu dutenez, uztaila bitartean igoera %10ekoa zen. Aitzitik, irailean, trafikoak %0,9 handiago izan da soilik, iazko hilabete berberaren trafiko datuekin alderatuta. Edonola ere, aurtengo lehen bederatzi hilabeteetan metatutako igoera %9,1ekoa dela esan dute.
Azken hilabetean, produktu siderurgikoen, txatarraren eta automobilen trafikoek egin dute behera. Igoera, berriz, ongarri eta zerealen trafikoaren hazkundeak eragin du. Argitu dutenez, ongarri eta zerealen trafikoaren gorakadak orekatu du produktu siderurgikoen eta automobilen trafikoan izandako beherakada.
Arrantza portuan, deskargak behera
%14,8 egin du behera arrantzaren deskargak Pasaian, batez ere baxurako arrantza dela eta. Edonola ere, arrantzaren urteko metatuak emaitza positiboa eman duela nabarmendu nahi izan du Portu Agintaritzak. Urte osoko datuei erreparatuta, igoera, %1,3koa dela esan dute.
Esportazio eta inportazioak
Irailean, Alemaniatik iritsi dira portuan deskargatu diren merkantzia gehienak, batez ere altzairuzko bobinak eta txapen inportazioarengatik –141.068 tona–.
Noranzkoetan, aldiz, Erresuma Batua jarraitzen du izaten jaun eta jabe. Azken hilabetean 250.688 tona perfil irten dira Pasaiatik Erresuma Baturantz eta 92.466 tona auto eta furgoneta.