Zatikako planaren ziztadaren aurka, txertoa
Lurraldearen Zatikako Planak Lezoren etorkizuna jokoan jarriko duela salatu du herritar talde batek. Hari aurre egiteko ekintza ugari antolatzen ari dira, eta bihar manifestazioa deitu dute.
Azaroaren 15ean amaituko da zatikako planari helegiteak jartzeko epea Intermodala Lezon eraiki behar den aztertzeko eskatu du udalak alegazioanEsaterako, Altamira auzoaren azpitik bigarren tunela eraikitzea proposatzen du zatikako planak, «horrek etxebizitzetan dardarak eta pitzadurak eragingo ditu, eta bertan aurkitzen den Altzate igerilekuarekin zer gertatu daitekeen ez dakigu». LZPk hogeita bat eraikin botatzea ekarriko duela esan dute, «gehienak baserriak dira, eta 31 etxebizitza daude horietan». Iturringo industrialdea izango litzateke planarekin kaltetuetako beste eremua, «bere osotasunean desagertzea ekarriko luke». Nekazal lur «hoberenak», ekosistemak, edo ondare arkeologikoa ere kaltetuko ditu planak herritar taldearen esanetan, «Gaintxurizketaren suntsiketa suposatuko du, 100 futbol zelai inguruko azalera desagerraraztea. Lezoko Udalak, halaber, lur eremu handienaren antolaketa eskumena galduko luke, Eusko Jaurlaritzak kenduko diolako». Aurreko guztia gutxi balitz, ondorioen zerrendan kamioi trafikoaren gorakada eta Irungo trenbide loturak udalerrira eramatea jasotzen du zatikako planak, herritarren arabera. Gaiaren larritasunari erantzuteko galdera sorta ere bideratu dio herritar taldeak Lezoko Udalari. Zatikako planaren gainean hitz egitea nahi zuten iraileko udalbatzaren osoko bilkuran, baina puntu hori ez zen landu. Hala ere, talde bat plenora bertaratuta, lortu zuten gaiaren gainean hitz egitea, «ordubete baino gehiago aritu ginen LZPri buruz hitz egiten, eta hilabete honetako ez ohiko bilkuran planaren gaia plenoko puntuen artean txertatzea lortu dugu». «Marra gorriak» ukitu Lezoko Udalak prestatu duen alegazio zirriborroan, Hitzak jakin ahal izan duenez, Donostialdeko Lurraldearen Zatikako Planak Lezoko Plan Orokorrak zehaztuta dituen «marra gorriak» ukitzen ditu. Zatikako planak logistikarako aurreikusita duen azaleraren zati bat, udalerriko plan orokorrak industria jardueretarako erreserbatzea aurreikusia duela idatzita dago udalaren zirriborroan, eta gainerako zatia eremu babestua dela. Horrenbestez, udalaren plan orokorrak eta zatikako planak «talka» egiten dutela aitortuta, udalaren kezka «oso handia» dela adierazita dago dokumentu horretan. Alegazioan, azkenik, intermodala Lezon eraiki behar den aztertzeko eskatzen du udalak, «bertan eraikiko balitz, hain zabalera handia behar ote duen berrikustea eskatzen dugu». Arrazoitu gabe Gaintxurizketan egin nahi duten plataforma logistikoaren beharra eta erabilera oraindik ez dutela arrazoitu dio LZPrekin kezkatuta dagoen Lezoko bizilagun taldeak, «ez dute eragin positibo bakarra ere aipatzen, ez eta haren bideragarritasun ekonomikorik edo eragin kaltegarririk ere. Begi bistakoa da lurren okupazio handiagatik beste herriek nahi ez dituzten jarduerak Lezora ekarri nahi dituztela». Biharko manifestazioa ez da herritar taldeak antolatu duten azken ekintza. Azaroaren 15ean amaituko da zatikako planari alegazioak jartzeko epea, eta hari aurre egiteko sortutako herritar taldeak aukera guztiak baliatu nahi ditu, «Lezoren etorkizunaren alde». Horren harira, hilaren 22an ez ohiko bilkura egingo duela plenoak jakinarazi dute, eta zatikako planaren gainean hitz egingo dutela zinegotziek, «udalaren erabakiak bozkatuko dira bertan». Egun berean, elkarretaratzea deitu dute 19:00etan Gurutze Santuaren plazan.