Alaberga eta Kaputxinoetako goiko aldea lotuko dituen igogailua; HAZ proiektua (Herritarrak Artatzeko Zerbitzua); Enplegu planetako inbertsioa; eta Olibet auzoan zein Igantzi kalean aparkaleku bana egitea dira proiektua nagusiak.
Datorren urteko aurrekontu proposamena aurkeztu du gaur gobernu taldeak. 6.700.000 euro baliatuko ditu udalak inbertsioetarako datorren urtean, eta lau proiektu nabarmendu ditu: Alaberga eta Kaputxinoetako goiko aldea lotuko dituen igogailua; HAZ proiektua (Herritarrak Artatzeko Zerbitzua); Enplegu planetako inbertsioa; eta Olibet auzoan zein Igantzi kalean aparkaleku bana egitea. Aurrekontuen elementurik bereizgarriena 2025 Plan Estrategikoa gauzatzeko proiektuak izatea dela esan du Julen Mendoza alkateak, baina prestatzeko garaian, auzo batzarretan jasotako eskaerak eta tokiko elkarteek beren kezka eta beharrekin egindako ekarpenak aintzat hartu dituztela gaineratu du.
51.595.043 euroko aurrekontua izango du Errenteria-Oreretak 2016rako, iaz baino %6,4 gehiago gobernu taldearen proposamenaren arabera, eta horietatik ia zazpi miloi euro inbertsioetara bideratuko ditu udalak. Igoera hori azken urteetan egindako kudeaketari nagusiki, eta foru funtsaren igoerari esker izan dela posible zehaztu du Mendozak. Gizarte babesa mantentzearen alde egingo duela udalak esan du bestalde, eta horren harira, gizarte larrialdietako laguntzak mantenduko dituztela jakinarazi du: “Eusko Jaurlaritzaren irizpideekin estaltzen ez diren espazioak eta zenbakiak estaltzeko 800.000 euroko diru zatia emango diegu laguntzei”.
Enplegua sortzea ere gobernu taldearen beste kezketako bat dela esan du alkateak eta horri begira, 500.000 euroko diru zatia erabiliko dute enplegu planetarako.
Alaberga eta Kaputxinoak lotzeko igogailua
Irisgarritasunaren gaineko inbertsioei dagokienean, Alaberga eta Kaputxinoetako goiko aldea lotuko dituen igogailuaren lehenengo fasea abian dagoela esan du Mendozak. Lanek 1.600.000 euroko aurrekontua izango dute eta 2017 urterako amaituta izango direla aurreikusi dute. Bi igogailu jarriko dituze bi auzoen artean, eta Alabergako beheko aldea eta goikoa lotuko ditu lehenak, eta Alabergako goiko aldea Kaputxinoak auzoarekin bigarrenak. Lehenengo igogailua Alabergako elizaren behealdean kokatuko dute, eta jubilatuen egoitzaraino helduko da. Inguru horretan bizi diren auzotarren irisgarritasuna erraztearekin batera, elizara, jubilatuen egoitzara, goikaldeko etxebizitzetarako irisgarritasuna ere hobetuko du: “erdialdea eta Kaputxinoak lotuko ditu bestalde”.
Igogailu eskaera gehiago badirela beste auzoetan esan du Mendozak baina beharrak eta zerbitzuak eragiten dien herritar kopurua ere kontuan hartu dutela erabakitzeko garaian azaldu du: “Honek lehentasuna izatea ez du esan nahi beste eskaerek ezezkoa jasoko dutenik, baina beharrak eta aurrekontuak aztertuta erabaki beharko da egitea dagoen edo ez bere momentuan”.
Aparkaleku beharra
Aparkaleku faltak eragindako arazoari ere erreparatu dio gobernu taldeak aurrekontu proposamena prestatzeko garaian. Horren harira, bi aparkaleku egingo dituztela esan du alkateak. Bata Olibet auzoan egingo dute, Renferen geltokiaren aldamenean. Bi pisuko aparkaleku publikoa eta doakoa izango da, 150 plazakoa, eta auzotarren beharrak erantzutea izango du helburu. Lehenengo faseak 488.000 euroko aurrekontua izango du. Bestea Igantzi kalean egingo dute. 35 plazakoa izango da azken hori eta 2016 urtean bertan amaituta egotea aurreikusi dute. Lehen faseak, 72.000 euroko aurrekontua izango du.
Kultura sustatzen jarraitzeko asmoa ere erakutsi du udalak eta horri ere eman dio diru zatia aurrekontuetan, “bultzatzaile ekonomikoa ere badelako”, esan du Ion Collar Kultura zinegotziak. Lekuona Fabrikaren lanak aipatu ditu horren harira. Euskal Herriko Arte Eszenikoen Zentroa hartuko du Lekuona zenak eta Gipuzkoako Foru aldundiak lanak amaitzeko 2.100.000 jarri dituela azaldu du.
Niessen eta Beraungo liburutegien proiektuak idazteko aurrekontuetan diru zatia gorde dela, bestalde, esan du eta eskola duinak izateko apustuari ere heldu diotela gaineratu du Collarrek, “300.000 eurotik gorako inbertsioak egingo ditugu horretarako”.
Horrekin batera Kaputxinoetan gazteentzako ekipamenduak jartzeko 150.000 euro bideratuko direla eta Beraungo plaza bat estaltzeko berriz, 120.000 euro.
Gazteen gaineko politikak, ezinbesteko
Kultura atalean, gazteen gaineko plan estrategikoa egiteko partida berria sortu duela udalak esan du azkenik Collarrek: “80.000 euro bideratuko ditugu horretara”. Garrantzitsua dela esan du Mendozak, “hausnarketa bat egin dugu eta uste dugu ez dugula asmatu haur eta gazteen esparru horretan politika on batzuk eramaten. Iruditzen zaigu Errenteria 2025 plan estrategikoa egin dugula, baina haur eta gazteek berariazko plan estrategikoa behar dutela. Zehaztu nahi dugu gazteei eragiten dieten espazio guztietan zein norabide hartu behar dugun, kontutan hartuta gazteek eta haurrek izan dezaketen iritzia”. Prozesu parte hartzailea planteatzen dutela eta horretan gazteak eta haurrak izango dira protagonistak, “marko egokiak eskaini nahi dizkiegu horretarako”.
Inbertsio txikia izanda ere, gazteen gaineko plan estrategikoa “ezinbestekoa” dela gobernu taldearentzat esan du Mendozak, “uste dugulako hor salto kualitatiboa eman behar dugula, gazteei dagokionean politikak markatze aldera”.
Kirol inbertsioen aldeko apustua ere egin du gobernu taldeak Jon Txasko Ogasun zinegotziak azaldu duenez. Horren harira, 170.000 euro baino gehiago bideratuko ditu udalak instalazioak mantendu eta hobetzera. Jasangarritasunaren aldeko ahaleginari eusteko borondatea baduela udalak esan du Txaskok, bestalde: “Ingurune osasungarri eta erakargarriagoa lortu nahi da 700.000 euroko inbertsioari esker. Horietatik zati handi bat kontsumo baxuko argiztapena jartzeko erabiliko da klima aldaketari buruzko akordioetan ezarritakoa betetzearren”.
Aurreko gobernu taldearen irizpideari eutsiz, eskatutako maileguak amortizazioak baino txikiagoak direla esan du Txaskok azkenik, “horrekin pixkanaka zorra gutxitzen ari gara”.
Aurrekontu proposamena oposizioko alderdiei, PSE-EE eta EAJri helarazi diela gobernu taldeak esan du azkenik Mendozak eta azaroko udalbatzarrean onartzea dela asmoa.