Elegantzia da jokamoldea

Hizkuntza ohituren inguruan aritu dira azken asteotan hamabi lagun, eta eguneroko egoerei nola erantzun ikusi dute; Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilguneak antolatuta TELP ikastaroa egin dute
Hainbat motatako ariketak egin dituzte parte hartzaileek eguneroko egoeren gainean hausnartzeko.

Hainbat motatako ariketak egin dituzte parte hartzaileek eguneroko egoeren gainean hausnartzeko.

Txinoen dendan beti erdaraz egiten nuela konturatu nintzen, eta gauzak euskaraz eskatzea erabaki eta praktikan jarri nuen. Ez zen erabat gaizki joan»; «nik lagun bati euskaraz gaizki esaten zituen gauzak zuzentzen nizkion, zuzentzailea beti martxan nuen». Horrelako egoerak planteatu dituzte aurtengo Oiartzungo TELP ikastaroan (Taller d’Espai Lingüistic Personal). Bigarrenez antolatu du Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilguneak ikastaroa, eta aurten hamabi lagunek parte hartu dute Emun kooperatibako Ainhoa Lasak gidatuta.

Etxeko lanekin atera ziren lehen saiotik: astebetez, hurrengo saiora bitarte, euskaraz bizi behar zuten. Ezinegona ere nabaritu zuten batek baino gehiagok hori nola lortu pentsatzean. Ikastaroa egin dute bi ahizpen kasua aipatzekoa da. Bizitza guztia daramate elkarri erdaraz hitz egiten, nahiz eta euskaldun zaharrak izan. Egunean bitan hitz egiten dute telefonoz, goizean eta gauean, eta horietako dei bat behintzat euskaraz izatea proposatu zien irakasleak. Ez zen erronka makala, hizkuntza ohiturak aldatzea ez baita erraza. Hasieran frustrazio sentsazioa areagotu bazitzaien ere, ikastaro bukaerarako bi deiak euskaraz egiten zituzten.

Norbera sinistuta egotea garrantzitsua dela nabarmendu du behin eta berriz Ainhoa Lasak ikastaroan. Askotan hizkuntza kontuetan erantzuten ez dakigula dio, eta erantzuten dugunean sesio bat muntatzen dela. Bide horretatik, egoeren aurrean elegantziaz jokatu eta erantzun behar dela dio.

Horretarako pista batzuk eman ditu, baina bakoitzak bere konponbidea topatu behar duela argi utzi die parte hartzaileei, irtenbide berberak ez baitu denentzako balio.

 

Inkesta

Hamabi lagunek parte hartu dute aurten TELP ikastaroan. Bakoitzak bere arrazoiak ditu ikastaroan parte hartzeko eta egunerokoan praktikan jarri ahal izateko tresnak eskuratu ote dituzten erantzun dute horietako hiruk.
1 . Zergatik erabaki zenuen ikastaroan parte hartzea?
2 . Baliagarri egin zaizu? Egunerokoan praktikatzeko moduan ikusten duzu?

Mari Jose Arbelaitz

Mari Jose Arbelaitz

Mari Jose Arbelaitz, erretiratua: «Ikasitakoa praktikan jarri eta eragina izango duela espero dut»

1. Ni Oreretan asko ibiltzen naiz, lagunen artean denetarik dut, eta tamalgarria iruditzen zait beraiekin erdaraz hitz egitea. Hortaz hitz egingo zela banekien, eta beraz, interes handia nuen.
2. Asko lagundu dit ikastaro honek. Oso ondo etorriko zait, hemen ikasitakoa praktikan jarriko dut eta eragina izango duela espero dut.

Begoña Zabaleta

Begoña Zabaleta

Begoña Zabaleta , langabetua: «Orain arte erdaraz aritu naizenekin euskaraz egiten hasi naiz»

1. Euskalduna naiz baina erdaraz egiteko erraztasun eta joera handia dut. Amorratu egiten naiz nire buruarekin, eta horregatik izena eman nuen ikastaroan, nire hizkuntza ohiturak aldatzeko.
2. Praktikan jartzen hasi naiz eta orain arte erdaraz aritu naizenekin euskaraz egiten hasi naiz, eta oso kontent nago. Zaila da ohitura hori aldatzea.

Izaskun Esnaola

Izaskun Esnaola

Izaskun Esnaola, langabetua: «Ikastaroa ideia batzuk hartzeko baliagarria egin zait»

1. Beti eduki dut buruan euskara gehiago erabiltzea egunerokoan, ohitura hartzea, alegia. Familian bertan erdaraz egiten dugu, nahiz eta euskaraz jakin eta euskaraz egitearen ohitura hartu nahi nuke. Pista batzuen bila egin dut ikastaroa.
2. Ideia batzuk hartzeko baliagarria egin zait eta bai, egunerokoan praktikatuko ditut hartutako ideia horiek.

 

«Pista gehiegi behar ditugu euskalduna zein den jakiteko»

TELPak oraindik ere ibilbide luzea duela onartu du Lasak, baina metodo horri esker egoerak aldatu direla dio, batez ere norberak bere buruarekiko dituen mugak gaindituta

Ainhoa Lasa, TELP ikastaroko dinamizatzailea

Ainhoa Lasa, TELP ikastaroko dinamizatzailea

 

Partaideak nola etorri dira ikastaro hasierara eta nola atera dira bukatuta?
Gogoarekin etorri dira. Esango nuke espektatibetan ez zegoela ikastaroan hainbeste bizipen pertsonal jasotzea, eta alde horretatik ondo. Batzuei zaila egingo zitzaien irudikatzea zein gauza egin zitzaketen euskaraz, eta lehen astean etxeko lan bezala jartzen dut aste batetik bestera  euskaraz bizitzeko erabat. Etxeko lan horrekin batera nerbioak etorri ziren, baina ikusten denean posible dela edo onartzen denean ‘hau ezetz’, baina ‘gainontzeko guztia baietz’, zure euskararen munduak zenbaiteraino eman dezakeen ikusten duzu.

Zein dira batik bat jendeak egunerokoan topatzen dituen zailtasunak?
Zailtasun orokorrak badaude, eta kasik-kasik amore emandako egoera batzuk, eta beste batzuk konturatu ez garenak, niretzako desberdinak dira. Ez da berdina Trapagan bizitzea edo Oiartzunen, batean egoera errazagoa da eta bestean zero ulermeneko jendea dago. Ipar Euskal Herrian ez dago eskubiderik, lege babesik, eta horrek ere beste arrasto bat sortzen du bai euskaldunengan eta bai frantsesengan. Orokorrak badira, esaterako, itxuraren arabera pertsona bat euskalduna den edo ez. Oso erraz katalogatzen dugu hori, eta pista gehiegi behar ditugu euskalduna zein den jakiteko. Oso estereoripatua dugu zein den euskalduna, eta gainera nola jokatzen duen. Alde horretatik aukera pila bat galtzen ditugu. Egoera zailak badaude, adibidez, gertuko lagunekin, familia barruan… Hor beste inplikazio bat dago, afektibitate oso estu bat, bestea mintzeko beldur bat…

Erdaraz erantzute hutsa nahikoa izaten da askotan erdarara jotzeko. Nik uste horretan TELP-ak laguntzen duela pauso bat ematen, gehiago eusten, eta batzuetan aukera berriak sortzen. Harrituta nago zenbat gurasok esaten duten ‘nire seme-alabek erdaraz egiten didate, orduan nik ere bai’; azken aldian hori pila bat entzuten ari naiz, pila bat, baita irakasleen artean ere. Harrigarria egiten zait hizkuntza ez hartzea etxeko beste arau bat bezala.

Zaila hitza aipatzen duzu, ez ezinezkoa. Egoerak aldatzea posible da?
Bai, bai, gogoaren arabera, baliabide pertsonalen arabera… Egia da denak ez garela berdinak, baina nik uste oso portaera ikasiak direla, urte luzetan errepikatutakoak, beste modu batera egiten ez dakizkigu: hemen pista batzuk hartzen dira. Segur aski egoera errazetatik has daiteke, agian lehen hitza erdaraz egiten zuen toki batean orain euskaraz egiten du pertsona horrek, eta hurrengoan lehen hitza baino gehiago… Hau guztia, azkenean, entrenamendu bat da, maratoi bat, eta horrela behar du, bestela hirumilako bat egin eta leher eginda bukatu duzulako, hurrengo urtean ez zarela bueltatuko erabaki dezakezu. Poliki-poliki egin behar da.

Eta ezinezkoak, baldin eta zer nahi duzun, batzuk badira ezinezkoak, ulermenik ez dagoen kasu batean eta komunikazioa behar den kasu batean erdara erabil daiteke.

TELPa egin nuenean, niretzako ikuspegia aldatzea izan zen. Ez da ‘euskara erabili nahi dut erdara ez erabiltzeko’, ez. Ni euskaratik bizi naiz, euskaraz, eta poltsikoan beste baliabide batzuk ditut. Hori ulertzen denean beste patxada batekin egiten da, pilotua ere itzali egiten da, bestela beti neurtzen ari garelako. Barealdi batean egon gara, ez dugu pilotua piztu, eta bakarrik toki segurutan erabili dugu euskara, euskaldunak dauden lekuetan bakarrik erabili dugu. TELPak piztu egiten du, eta maratoi hori egiten den bitartean itzaltzen ere joaten da. Azkenean gaztelera dago poltsikoan, edo frantsesa edo dena delakoa erabiltzeko behar duzunean, zergatik ez. Besteak ez dezala markatu norberak  nola bizi behar duen.

TELPa noiz arte izango da beharrezkoa?
Jendeak behar duen bitartean. Oso egoera desberdinak bizi ditugu eta momentuz etorkizun batean ere beharko dela uste dut. TELPa norberarentzat da, norberak nahi duen eta egiten duenaren artean koherentzia bat bilatzeko balio du. Buruak esaten diguna eta tripak uzten diguna batzen diren momentu hori da TELPa.

Urrats bat areago ere joan gaitezke, eta eragile izan gaitezke, nola hartu lidergo hori besteak xaxatzeko.
TELPak, zoritxarrez, oraindik ibilbidea badu, egia da hurrengo belaunaldiak euskaldunak datozela, baina Gipuzkoatik Gipuzkoa ikusten dugu, eta ahaztu egiten zaigu Euskal Herria ikustea. Ezagutza aldetik datoz gazte euskaldunak, baina hizkuntzarekiko atxikimendu hori agian landu egin behar da. Etxe askotan transmisio hori bermatu egin da, baina sozializazioan oraindik tresnak falta zaizkigu. Polita litzateke erakustea nola eros daitekeen euskaraz, nahiz eta besteak erdaraz egin. Tresna horiek geure hartu behar ditugu transmititu ahal izateko, eta beharko ditugu. Denak euskaldunak izanda eta ‘orain zergatik egin behar dut euskaraz?’ galdetzen badit gazte batek, erantzuten jakin behar dugu, eta hor badugu ariketa bat egiteko. Une horretan TELPak zentzua galduko du, normaltasunean biziko garelako.

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Send this to friend