Bi urterako hitzarmena da, HITZA laguntzea euskararen erabileran eragitea dela uste baitu udalak.
Kepa Garbizu eta Lierni Ormazabal, hitzarmena sinatzen
Kepa Garbizu Lezoko alkateak eta Lierni Ormazabal Oiartzungo Hedabideak-en ordezkariak (OARSO BIDASOKO HITZA publikatzen duen enpresa da) lankidetza hitzarmena sinatu zuten joan den ostiralean, hilaren 13an. Hitzarmenak bi urteko iraupena izango du. Helburua da udalak eta HITZAk, elkarlanean, hedabideen alorrean euskararen erabileraren normalizazio lanak bideratzea.
Hitzarmenaren bidez, udalak diruz lagunduko du HITZAren jarduna. Komunikabideak, berriz, jarraian aipatzen diren ekoizpen ildoak garatu eta hobetzen ahalegintzeko konpromisoa hartzen du:
- Oarso Bidasoa Hitza astekaria: ostiraletan argitaratuko da 16 orrialdeko astekaria.
- Internet: oarsobidasoa.hitza.eus elikatzea urte osoan.
Hitzarmenarekin, batetik, euskarazko prentsa idatzia sustatzea eta euskara hutsean dauden komunikabideak laguntzea bilatzen da. Bestetik, euskarazko irakurzaletasunean eragitea nahia da, berriek daukaten bertakotasunak irakurleak lortzen erraztuko duelakoan.