Koldo Mitxelena, Gamon eta Bizarain ikastetxeetako, Orereta Ikastolako irakasle, guraso eta ikasleek, eta Ikasle Abertzaleko kideek egin dute bat platafomaren deialdiarekin.
Elkarretaratzea egin du arratsaldean Errenteria-Oreretako Hezkuntza Plataformak. Koldo Mitxelena, Gamon eta Bizarain ikastetxeetako, Orereta Ikastolako irakasle, guraso eta ikasleek, eta Ikasle Abertzaleko kideek egin dute bat platafomaren deialdiarekin. Ozen esan diote ezetz LOMCEri, “hezkuntza eredu atzerakoi, merkantilista eta inposatu delako”.
Horren aurrean hezkuntza eredu propioa, “Euskal Herrirako Hezkuntza sistema propioa”, eraiki beharra dagoela esan dute: “Hamaika bizipen, hamaika eredu eta hamaika kolorez margotzen den proiektua da hezkuntza, eta guk gurea eraiki nahi dugu”. Bide horri ekiteko dei egin diete herritar guztiei larunbatean 17:00etan Donostiako Bulebarretik abiatuko den kalejirarekin bat egitera.