Guztira 2.751 ikasle daude matrikulatuta eta horietatik 1.403 dabiltza Eskola Kirolean; gaur goizean aurkeztu dituzte datuak.
Enekoitz Markos (Oiartzungo kirol zinegotzia), Jon Txasko (Errenteria-Oreretakoa) eta Irlentz Ortega (Lezokoa), gaurko agerraldian
Eskola Kirola programaren aurtengo ikasturteko datuak aurkeztu ditu gaur goizean Oarsoaldeak. Agerraldian Jon Txasko Errenteriako kirol zinegotzia, Enekoitz Markos Oiartzungo kirol zinegotzia eta Irlentz Ortega Lezoko kirol zinegotzia izan dira. Datu horien artean, programa hau egiten dutenen kopurua nabarmendu dute: Oarsoaldeko ikastetxeetan matrikulatuta dauden 8 eta 12 urte arteko ikasleen erdiak baino gehiagok (%51) egiten dute Eskola Kirola. Guztira 2.751 ikasle daude matrikulatuta eta horietatik 1.403 dabiltza Eskola Kirolean.
Ikasturte honetan 135 talde osatu dituzte eta horien saioak 84 entrenatzailek gidatzen dituzte. 77 talde sortu dituzte Errenteria-Oreretan, 23 Oiartzunen, 25 Pasaian eta 10 Lezon.
Nesken parte hartzea ere nabarmendu dute eta “poliki bada ere” gorantz doala esan dute: “Nesken %32,15ak hartzen du parte eta mutilen %67,45ak”.
Eskola Kirolaren bidez, elkarrekiko errespetua, elkartasuna eta kirol legez jokatzen ikasten dute. Horrez gain, autoa ez den bestelako garraio moduak bultzatzen ahalegintzen dira. Bestalde, azaldu dutenez, “Oarsoaldean garatzen ari diren Eskola Kirolaren eredua eta egitasmoa oso garrantzitsua da euskararen normalizaziorako eta pertsona gisa hazteko”. Horren haritik, jarduera %100 euskaraz egiten dela nabarmendu dute.