Lezoarraren ibilbideari aitortza egin diote Oarsoarrak Sarietan, euskararen alde egin duen lanarengatik. Lanean segitzen du eta lanean jarraitzeko asmoa dauka oraindik.
Agustina Pontesta
Urduri zinen Oarsoarrak Saria jaso zenuenean, ostiralean.
Lotsatuta joan nintzen. Gainera, hainbeste jende ikusten nuen nire buruari esaten niola, ‘nik zer egiten dut hemen?’. Esan behar nuena eta dena joan zitzaidan.
Ohituago zaude isilpean lan egitera, ezta?
Bai, ni beti isilik eta idatziz. Bake epaile nintzela ezkontzetan-eta lasai egoten nintzen. Sarietan, ordea, asko urduritu nintzen. Batez ere lotsagatik. Esaten nuen, ‘baina ni nor naiz sari hau jasotzeko?’.
Nola sentitu zinen saria eman behar zizutela esan zizutenean?
Ez nuen espero. Hainbeste egongo dira nik baino gehiago egin dutenak…
Saria emateko, ordea, badira nahikoa arrazoi, euskararen alde egin baituzu lanean aritu zaren arlo guztietan: irakaskuntzan (Lezoko ikastolako sortzaileetako bat izan zinen), bake epaile bezala, zinegotzi…
Bai. Garaia ezagutu egin behar da. 17 urte nituenean Amarako ikastola batera joan nintzen euskara klaseak jasotzera, udan. Jendea hasi zen mobilizatzen ikastolen alde. Nire etxean abertzaleak ziren, eta hala hasi nintzen. Azkenean, dena egiteko zegoen, eta edozer gauza egin behar zela, hori egitera joaten ginen.
Irakasle hasi zinen eta Lezoko ikastolaren sorreran parte hartu zenuen.
Gerra ondorenean Lezoko ikastola Manuela Larreak sortu zuen. Etxean hasi zen ume batzuekin. Handik tarte batera, herriko apaizak gela bat jarri zion elizaren lokal batean. Gerora, geroz eta ume gehiago zirenez, herrian zabaltzea erabaki zen, eta lokal bat ireki zen Kale Nagusian. Gero, Markesanen aurrefabrikatu bat jarri zuten, eta hor klaseak ematen hasi nintzen 18 urterekin.
Ez ziren garai errazak izango ikastolan zenbiltzatenentzat.
Anekdota ugari ditugu. Egun batean ikuskaria ustekabean etorri zen. Gelara sartu eta ama birjina lurrean ikusi zuen. ‘Zer egiten du ama birjinak lurrean?’. Ume batek ekarritako panpinen bat edo izango zen, baina guk orduantxe erori zela paretatik esan genion. A ze barreak bota genituen. Espainiako banderarekin ere. Parean eskolak zeuden, eta hor Espainiako bandera handi bat egoten zen zintzilik. Bagenuen mutiko bat bihurri-bihurria, 6-7 urte izango zituen. Egun batean ez zitzaion otu guraizeak hartu eta bandera moztea! [Federico] Huertas ibiltzen zen orduan eskolan, eta esan zigun gure ume batek egin zuela hori. ‘Ume ilehori hori izan da’. Eta umeak: ‘ni ez, andereño, ni ez’. Nik esan nion, ‘begira, oso ume noblea da, eta nik sinetsiko nioke’. Alde egin bezain pronto umeak esan zidan, ‘ni izan naiz andereño’. Momentu horiek bizi behar ziren. Hala ere, oso oroitzapen onak ditut. Gauza pila bat egiten genituen. Gainera, goizetan umeekin egoten ginen, eta arratsaldean gurasoei gau eskolak ematen genizkien.
Lezoko ikastolan aritu zinen, eta hortik Pasaia-Lezo Lizeoa sortu zen.
1975an elkartu ginen Pasaiakoarekin. Herri txikietako ikastola asko elkartu ziren garai hartan. Hor, euskara klaseak ematen nituen, 1982ra arte. Gero, UEUren sorreran parte hartu nuen. Eta hortik Irakasle Elkartera joan nintzen, liberatu bezala. 1979an sortu zen. Irakasleen formaziorako ikastaroak antolatzen genituen, liburuak itzuli eta
Ixilik aldizkaria ere egin genuen.
Hain zuzen, Pinotxo itzuli zenuen zuk 1987an.
Ikastolen Elkartean liburu pila bat itzuli genituen, eta hori tokatu zitzaidan.
Euskal Herrian Euskaraz-en sorreran ere izan zinen.
1979an sortu genuen, Durangon. Sagrario Aleman, Karmele Aierbe, Txillardegi…
Horren ondoren, EKB Euskal Kulturaren Batzarrean ere ibili zinen.
1983an sortu genuen. Bertan, idazkari bezala aritu nintzen. Ipuin asko eta artikuluak itzultzen ibiltzen ginen.
Bake Epaile bezala aritu zara azken urteetan. Noiz eta nola hasi zinen?
Ez nuen inoiz pentsatu Bake Epaile izaterik, baina orduko Lezoko alkateak eta beste herritar batzuek proposatu zidaten, eta zozketa batean egokitu zitzaidan. 2001ean hasi nintzen. Euskararen alorra jorratzeko egokia iruditu zitzaidan, bazegoen lana egiteko. Gipuzkoako bake epaileak elkartzen ginen urtean behin. Denak agure zaharrak ziren, beti ika-mikan ibiltzen ginen. Egun batean EHNAren [Euskal Herriko Naziotasun Agiria] harira. Nik nioen ea zergatik ez zen onartu behar. Fiskalak esaten zidan ea arazoren bat nuen, eta nik baietz. Hori gai politikoa zela esaten zidan, eta nik neurean, ‘ba nik onartuko dut’. Eta horrela geratu zen.
Borrokan ibili zinen, beraz, baita euskararen harira ere, ezta?
Gauza sinestezinak gertatu zitzaizkidan. Esaterako: telefonoz deitu, nik erantzun, eta eskegi egiten zidaten. Halako batean erantzun, eta Bake Epaitegiarekin hitz egin nahi zutela. ‘Hau da Bake Epaitegia’, nik. ‘Bai? Euskaraz hitz egiten duzunez…’. Beste behin, fiskalarekin. Ezkontzeko txostena berari bidali behar genion. Nik bidali nion, eta handik gutxira telefonoa. Nirekin hitz egin nahi zuten, baina nik kasurik ez. Halako batean hartu nuen, eta txostena euskaraz bidali niola eta ez zuela ulertzen. Eta nik ‘eta? Begira. Ni gaixo nagoenean ni neu joaten naiz medikura, ez dut bizilaguna bidaltzen’. Bazituzten itzultzaileak, eurei esatea itzultzeko.
Bake epaitegian nolako egoera zegoen euskararen aldetik zu iritsi zinenean?
Ez zegoen ezer egina. [Joseba] Azkarraga kalean topatu eta esaten nion ‘liburu hauek noizko euskaraz?’. Hain zaila al da
nombre, apellidos, madre… euskararatzea? Saiatzen nintzen presionatzen. Gerora, sistema informatiko bat jarri ziguten: idazten dena itzuli egiten du edozein hizkuntzatara. Hala ere, sistema berri hori jarri bitartean Lezorako espresuki programa bat egin genuen bi hizkuntzetan.
Bake epaitegian erregistratzerakoan askok arazoak izan dituzte genero aldetik, Euskaltzaindiaren irizpideak erabiltzen direlako. Askok zuregana jo dute erregistratzeko. Zein irizpide erabiltzen dituzu zuk?
Joxe Mari. Zergatik ezin dugu jarri x-az? Duela gutxira arte ezin zen. Euskaltzaindiako [Jean] Haritschelhar jaunarekin topatu nintzen behin. Galdera hori egin nion. Hipokuristikoa dela esan zidan; alegia, familia giroko bustidura zuela. Hala ere, bake epaileak onartuz gero arazorik ez zegoela esan zidan. ‘Ba Lezokoak denak onartuko ditu’, izan zen nire erantzuna. Genero aldetik, berriz, eta esaterako, Amaiur mutil izena da. Eta zer egin behar dugu orain arteko Amaiur neska guztiekin? Ez nion kasurik egiten. Euskaltzaindiako batzorde bateko arduradun batekin hizketan, izen guztiak desbirtuatzen ari ginela esan zidan. Espainoleko adibide bat jarri nion, Rosario. Nire etxe parean Rosario deitzen zen aiton bat zegoen, eta nik izeba bat nuen Rosario. Eta orain zer egin behar dugu, atzera jo? Azpeititik, Villabonatik, Zumaiatik etorri izan dira, han ez zietelako uzten erregistratzen. Ni ez naiz gai guraso bati bere seme edo alabari berak nahi duen izena ezin duela jarri esateko. Beste gauza bat da izena iraingarria bada, baina niri ez zait halakorik gertatu.
Irakasle bezala, itzultzaile bezala, bake epaile bezala, zinegotzi bezala… Guzti horretatik zerk asebete zaitu gehien?
Nik oso gustura lan egin dut, denetan ibili naiz gustura. Astelehenak iritsi, eta ni pozik.
Orratx! euskara elkartearen sorreran ibili zara, Lezo ikastolaren sorreran, herrigintzan lan handia dago egiteko oraindik?
Lezo ikusten dut oso hilda bolada honetan. Pentsatzen dut etapa bat izango dela. Orain arte giro gogorrak bizitu ditugu, mugimendu handia izan da. Orain denak lasaitu gara, eta lurra jotzen ari garela ikustean pentsatzen dut buelta emango diogula. Euskararik gabeko Euskal Herririk ez dut ikusten. Nik lehentasuna euskarari ematen diot. Independentzia lortuz gero ere, ez da izango Euskal Herririk euskararik gabe.
Euskararen Eguna izan zen atzo. Euskararen alorrean zer lan egin behar da?
Nik uste dut kontzientzia falta dela. Gure hizkuntza da, gure zati bat da, euskarak egiten gaitu garena. Konturatu behar gara. Hala ere, ulertzekoa da gaztelaniaren indarra handia delako. Txikia handiaren kontra borrokan.
Zu ere hala aritu zara, ezta? Txikia handiaren kontra.
Polita da. Esaten da gazteak su emaileak eta helduak suhiltzaile direla.
Sariak askotan etapa baten amaieraren seinale izaten dira. Zure kasuan ere hala izango da Oarsoarrak Saria?
Lanean ari naiz oraindik. Kultur arloan ari naiz lanean, liburugintzan.