Ekintza ugari antolatu dituzte astea osatzeko. Mosaikoa, kontzertua, film emanaldia eta erakusketa izango dira astearen barruan bihartik hasita.
Siria eta mugak izango dira protagonista astean.
Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna izango da bihar, eta horren harira, giza eskubideen astea antolatu dute Kultur aniztasuna, garapenareko lankidetzako eta giza eskubideen sailak eta Udal Liburutegiak elkarlanean. Ekintza ugari antolatu dituzte bihartik hasita, eta aurtengo edizioan Ekialde Hurbileko egoera jarri nahi dutela erdigunean azaldu dute antolatzaileek, “Siria eta haren inguruan kokatutako mugak izango dira gai nagusiak”.
Haurrei zuzendutako ekintzarekin hasiko dute astea bihar. Zumardiko kioskoan mosaikoa egingo dute lehenik biltzen diren haurrek, eta kometak ondoren. Errenteria-Oreretako Oarsoirriak taldeak bat egin du haurrak protagonista izango dituen deialdiarekin, eta haur eta guraso guztiak animatu ditu parte hartzera, “herrian betirako geldituko den ekintza koloretsu eta berezian”. 17:00etan elkartuko dira Zumardiko kisokoan.
Siriako zine ziklo
Hilaren 11tik 18ra berriz erakusketa izango da Xenpelar Etxean
Euskal Erbestea izenburupean Arantzadi elkartearen eskutik, eta baita zine foruma ere 18:00etan hasita hilaren 11n, eta 14tik-18ra bitartean egunero. Siriako zine zikloa izango da azken hori, Sumer Alunen (Andaluziako Siriako Herriaren Babeserako elkarteko ordezkaria) eta Monica Leiva kazetari arabistaren eskutik.
Astea amaitzeko berriz, Gani Mirzo abeslaria eta bere taldeak (Siria-Kurdistan) kontzertua emango dute 17:00etan Koldo Mitxelena ikastetxeko patioan. Bertan bildutako dirua errefuxiatu gune batera bideratuko dute.