Kontakizun ederrak idatzi dituztela herriko haur eta gazteek esan dute Ioritz Aizpuru Euskara zinegotziak eta Aitziber Arnaiz Euskara teknikariak.
Sari banaketa
Prosa eta Poesia Lehiaketaren hogeita zortzigarren edizioak baditu irabazleak, eta denek jaso dute gaur saria Udal areto Nagusian egin duten ekitaldian. Ioritz Aizpuru Euskara zinegotziak eta Aitziber Arnaiz Euskara teknikariek gidatu dute ekitaldia beteta zegoen aretoan. Kontakizun ederrak idatzi dituztela herriko haur eta gazteek esan dute Arnaizek eta Aizpuruk, “literaturak badu zerikusirik joskintzarekin. Idazlea da hitzak elkarrekin josteaz arduratzen den jostuna, letrak eta hitzak elkarrekin lotuz istorioak, poemak edo kontakizunak ehuntzen dituen artista”.
Lan guztien atzean sormen handia dagoela nabarmendu dute biek, halaber, eta lan asko kanpoan gelditu badira ere, gogoa jarri eta ahalegina egin duten guztiei eskerrak eman dizkiete eta idazten jarraitzera animatu dituzte. Elizalde eskolako zein Haurtzaro Ikastolako irakasleei ere eman dizkiete eskerrak bi udal ordezkariek, eta baita epaimahaikide aritu diren elkarte eta norbanakoei.
Lan horretan ibili dira Pello Añorga ipuin kontalaria, Goiatz Labandibar kazetari eta idazlea, Izar azpiroz matematikaria eta irakaslea, Aingeru Palomo irakaslea, Nerea Aizpuru poeta, Sohalge Arbelaitz irakaslea, Imanol Irigoien poeta eta margolaria, Intxixu AEK eta TTur-ttur Euskaltzaleon Bilgunea.
Edurne Agirrezabala ere igo da oholtza gainera eta umorez bete du ekitaldia.
LH 3tik hasi eta DBHko 4. Maila arteko ikasleek dute parte hartzeko aukera lehiaketa horretan. Eta azken bi urteetan arrazoi ekonomikoak medio saritutako lanak biltzen dituen liburuxka argitaratu ez badute ere, aurtengo lanak eta aurreko bi urtekoak bilduko dituen liburua egingo duela udalak jakinarazi du Arnaizek. Txalo artean jaso dute saria irabazleek eta errepikatu duenik ere izan da. Txikienen kasuan material didaktikoa erosteko 50-80 euro arteko balea eskuratu dute. Helduenek berriz, 100 eta 120 euro arteko diru saria.
Ekitaldia familia argazkia aterata bukatu dute.
Prosa:
- saila: Goiuri Albisu Belarra eta Lide Larrea Etxebeste.
- saila: Axel Lasa Gelbentzu eta Naroa Etxebeste Eizagirre.
- saila: Haitz Aranburu Mutiloa eta Beñat Garaiar Pikabea.
- saila: Yue Yi Iriarte Lasa eta June Manjarres Castro.
- saila: Aiora Mancheño Jauregi eta Koldo Mitxelena Oiarbide.
- saila: Maddi Puy Sorondo eta Maddi Ibarguren Elosegi.
Poesia:
- saila: Allende Urritegi Lopera eta Lur Lopez Fraile.
- saila: Malen Elizasu Manterola eta Malen Frantsesena Arnaiz.
- saila: June Galardi Zapirain eta Aiora Mancheño Jauregi.
- saila: Alain Mendizabal Diaz eta Maddi Ibarguren Elosegi.