Hilabetean behin emanaldi bat antolatu dute tailerreko kideek. Lehenengoa hilaren 28an izango da, Josu Landarekin.
metrokoadroka
Urtarriletik apirilera bitartean, 100TZE sormen tailerrak mikroerrezitaldi zikloa antolatu du Arraskularre 16an duten lokalean. Hilabeteko emanaldi bana emango dute, eta bertara gonbidatuko diuzte Josu Landa, Goiatz Labandibar, Jose Luis Otamendi eta Metrokoadroka kolektiboko kideak.
Publiko talde txikiei zuzendutako saioak izango dira. Izan ere, asko jota hogei aulki sartzen dira lokalean, eta batgarren hori gonbidatuaren etorrera adierazi nahi dute modu sinbolikoan.”Askotan nagusitzen den joeraren kontra, gure ustez emanaldi baten kalitatea ezin da erakartzen den jende kantitatearen arabera neurtu”, gaineratu dute 100TZEkoek. Euren ustez, emanaldien gauzarik garrantzitsuena “edukia eta publikoarekin ematen den komunikazioa eta harremana dira”. Horregatik, uste dute formatu txikietan “gauza handiak” egin daitezkeela uste dute. Eta gauza handi horiek egite aldera, egitarau hau sortu dute sormen tailerreko kideek:
- Hilaren 28an: Josu Landak Miguel Hernandez kantuz errezitaldia eskainiko du, Susa argitaletxearen eskutik Munduko Poesia Kaierak bildumaren barruan argitaratutako antologia izango du oinarri.
- Otsailaren 25ean: Goiatz Labandibarrek Zuri-beltzean izeneko irakurraldia egingo du, bere azken narrazio eta ipuinekin. Hala bazan… klixk! proiektuan oinarritutako irakurraldia izango da, idazleak Poloniako egonaldi artistiko batean idatzitako testuekin.
- Martxoaren 17an: Jose Luis Otamendik Kapital publikoa liburuan oinarritutako errezitaldia eskainiko du. Otamendik 2014an plazaratu zuen poema liburua, Susa argitaletxearen eskutik.
- Apirilaren 28an: Hautudeterminazioa izeneko antzerki-irakurketa dramatizatua eskainiko dute Metrokoadroka kolektiboko bi kidek. Testu hau Jakin aldizkariaren enkarguz sortu zuten, Euskara, estatugintza eta naziogintzaren erdian jardunaldiaren barruan.
Toki mugatua egonik, emanaldietarako erreserba egin beharko dute publiko moduan joan nahi dutenek,
e-posta bidez edo telefono bidez —652 70 15 53 zenbakira deituta— egin beharko dute. Emanaldi guztiak 19:30ean hasiko dira.