Diskoen salmentaren irabazien zati bat Juneren Hegoak elkarteari emango dio Fernando Velazquez konpositoreak.
Amaia Tolaretxipi, Iñaki Tolaretxipi eta Ion Collar.
Fernado Velazquez soinu banden konpositore bizkaitarrak argitaratu berri duen diskoan parte hartu du Landarbaso Abesbatzak Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin batera. Orain 15 egun aurkeztu zuen Velazquezek diskoa Madrilen, eta gaur berriz, Errenteria-Oreretan aurkeztu dute Iñaki Tolaretxipi Landarbaso Abesbatzaren zuzendariak, Ion Collar Kultura zinegotziak eta Amaia Tolaretxipi Juneren Hegoak elkarteko kideak.
Landarbasok soinu banden proiektu batean parte hartzen duen lehenengo aldia dela esan du Tolaretxipik, “eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin batera eta Fernando Velazquezen zuzendaritzapean egitea izugarrizko esperientzia izan da”. Tamaina horretako proiektu batek Landarbasoren parte hartzea eskatzeak egun Errenteriako abesbatzak eskaintzen duen kalitatearen eta lanaren fruitua dela gaineratu du.
Orkestra sinfonikoak eta Landarbasok Miramongo egoitzan grabatu zuten diska joan den irailaren 10ean eta 11n. Velazquez zinema eta telebistako soinu banden konpositorea da, “soinu banda ugari konposatu ditu -gaineratu du Tolaretxipik- ezagunenen artean,
El Orfanato,
Lo imposible,
Zipi y Zape eta
Ocho apellidos vascos filmak daude”.
Salmentan lortutakoaren zati bat, Juneren Hegoak elkartearentzat
Juneren Hegoak taldeko Amaia Tolaretxipi agerraldian izatea ez da kasualitatea izan. Diskoen salmentaren irabazien zati bat Juneren Hegoak elkarteari emango dio Velazquezek. “Hain arrakastatsua, edo ezaguna den pertsona baten aldetik ez dugu inoiz jaso halako keinurik, eta esakertzekoa da benetan -esan du Amaia Tolaretxipik- guretzat oso berezia da, landarbaso dago tartean… keinu hunkigarria izan da”.
Landarbaso “lehenengo mailan” jokatzen ari dela esanda, Collarrek anekdotarako tartea ere aurkitu du gaurko agerraldian: “Gure zonaldeko diskoa da honakoa, Landarbaso abesbatza dago, Juneren Hegoak taldea, orekestra sinfonikoa, Velazquez bera, eta berak konposatu zuen Zipi y Zape filmerako soinu banda. Pelikula hori Artikutzan, arditurriko mehategietan grabatu zen. Proiektuak gure herriarekin lotura handia dauka”. Zoriontzearekin batera, lanean jarraitzera animatu du Collarrek Landarbaso, “segi diskoak grabatzen eta gure herriaren izena leku guztietara eramaten”.
Bederatzi pistek osatzen dute
Concert suites, music for films diskoa, eta Velazquezen soinu banden zehar egindako ibilbidea dela gaineratu du Tolaretxipik: “Lehenengoa 2001eko
El hombre esponja filmaren soinu banda da, eta 2012 urteko
Lo imposible filmarena azkena. tartean,
El orfanato,
De las sombras, Lope, El mar ajeno, Zipi y Zape daude”.
Diskoa
internetez baino ezin dela erosi esan du Tolaretxipik, 17 euroan. Collarrek amaitzeko herritar guztiak animatu ditu diskoa erosi eta gozatzera, “bide batez Juneren hegoak elkartea laguntzen ariko dira”.