[Argazki galeria] Azeri Dantzarekin hasi dira Inauterietako filma errodatzen
Iaz bezala, Oilarqueen, Asteme eta Katuko agertu ziren udaletxeko balkoian. Aurtengo Inauterietako gaia filmak izango dira.
Jai giroan murgildu zen atzo Errenteria-Orereta. Arratsalde parterako taberna askok eguneroko itxura aldatuta zuten, eta ohiko ostatu itxura beharrean, filmetan oinarritutako dekorazioa jantzi zuten. Inauterien hasiera ofiziala, baina, Azeri Dantzak eman zion. Helduenak Juan Olazabal kaletik irten ziren, eta kalez kale ibili ondoren, Herriko Plazara iritsi ziren. Bertan zeuden haur dantzariekin elkartu ziren, elkarrekin dantza egiteko. Iaz bezala, Oilarqueen, Asteme eta Katukoren kanta eta hitzekin hasi ziren jaiak eta sardin zaharra igo zuten udaletxeko balkoira. Bertatik jaisten duten arte iraungo dute Inauteriek.
Gogoratu: herritarrek bozketa batean hala erabakita, filmak izango dira aurtengo festen gaia. Mozorroa prest ez duena mugi dadila, bigarren zatiak sekula ez baitziren onak izan.