Correscales martxari harrera egingo diote Errenteria-Oreretan, Antxon eta Trintxerpen
Correscalesen aurkezpena, Bilbon. Argazkia: uriola.eus
Correscales-Korrika Prekarioa lasterketa/martxa bihar iritsiko da Oarsoaldera, eguerdian. Hernani-Astigarraga bidea egin ondoren, 12:15ean Errenteria-Oreretan sartuko da, bertan udaletxean harrera egingo diotelarik lan baldintza duinak aldarrikatzeko iniziatibari. Bertako babes taldeak bertara joateko eskatu die herritarrei, eta nahiko balute, bizikletaz ere bat egin dezatela lasterketarekin.
Errenteria-Oreretatik Antxorako bidea hartuko du Correscalesek. Bertan, 12:45ean egingo diote harrera Renfeko geltokian. Handik abiatuta Trintxerpera joango da martxa, eta Pasaiako barruti horretara iristeko ordua 13:00etarako espero da. Behin Trintxerpe utzita, Donostiarako bidean joango da.
Ibilbidea Oarsoaldetik pasatuko bada ere, Bidasoko eragileek hainbat jarduera egin dituzte aldez aurretik eskualde horretan, eta
martxarekin bat egiteko eskatu diete Irungo eta Hondarribiko herritarrei.
Gaur hasiko da Correscales Bilbon, eta 800 kilometro egin ondoren, hilaren 22an bukatuko da Bartzelonan.
Martxa pasatu aurretik iniziatiba laguntzeko elastikoak jarriko dituzte salgai tokian tokiko harrera guneetan.