Fato Cultural Galegoak eta udalak hamaseigarrenez omendu dute Murgia, bere jaiotetxean
Kontxa Murgia omendu dute gaur eguerdian Oiartzunen. Galiziar abertzaletasunaren bultzatzaile nagusienetako baten ama, Oiartzunen jaio zen Murgia, gaur egun Manuel Lekuona Biblioteka dagoen tokian. Han plaka dago jarrita Murgiaren omenez, eta duela hamasei urtetik, urtero-urtero lore sorta eskaintzen diote Murgiari Udalak eta Fato Cultural Galegoak.
Omenaldian, Fato Cultural Galegoko kide Xose Estevezek eta udaleko zinegotzi Josune Cousillasek hartu dute hitza, omenaldira bildutakoei Murgia eta haren seme Manuel Martinez Murgia zeintzuk izan ziren kontatzeko. Ondoren, gaita doinuak lagunduta galiziar ereserkia abestu dute, eta jarraian Agur Jaunak txistulariek lagunduta.
Azkenik, Mari Karmen Urbietak lore sorta jarrita, hamaiketakoa egin dute guztiek.