Piboteak 'jan', eta ihes egin
Auto batek istripua izan du Antxoko Blas de Lezo kalean. Udaltzainarak iristerako, ordea, ihes eginda zegoen gidaria, autoarekin.
Piboteen gainean gelditu da autoa. Gutxira, ihes egin du gidariak.
Auto istripua izan da gaur goizean Antxon. Auto batek Blas de Lezo kaleko piboteen kontra talka egin du, ‘jan’ egin ditu. Horren ondorioz, metalezko piboteetatik bi zeharo okertuta gelditu dira, autoa horien gainean zela. Hori bakarrik ez: Pasaiako Udaltzaingoak HITZAri esan dionez, istripua izan, eta autoaren jabeak ihes egin du, Donostiarantz, autoa piboteen gainetik jaitsi ondoren. Ez da kalte pertsonalik egon.
Izan ere, Pasaiako Udaltzaingoak esan duenez, haiek istripuaren tokira iristerako, jada ihesean joanak ziren autoan zeudenak. Pasaiako udaltzaingoaren agenteek lekukoen testigantzak bildu dituzte, eta haien arabera, autoaren gidaria ez zegoen gidatzeko egoera onean, “mozkortuta-edo zegoela esan digute lekukoek”, zehaztu dute udaltzainek.
Autoa identifikatzea lortu dute udaltzainek. Orain, horren bila dabiltza, ekinbideak hasteko.