Badia Eskolako ikasleak ipuin kontalari ariko dira
Badia eskolako zazpi ikaslez osatutako taldea ipuin kontalari ariko da Pasaiako lau udal liburutegietan. Lehen emanaldia asteartean dute (hilak 8), 18:00etan, Donibaneko liburutegian.
Badia eskolako zazpi nerabek, -12-13 urte artekoak guztiak- 5 eta 8 urte arteko haurrei ipuinak kontatuko dizkiete.
Saioa prestatzeko ipuin kontalari profesional baten eskutik oinarrizko formakuntza jaso dute Badia eskolako nerabeek zenbait astez. Ipuinak aukeratu, ulertu, aztertu, ikasi eta kontatzeko bidea landu dute formazioa jaso bitartean. Lau ipuin prestatu dituzte eta barruti guztietan eskainiko dute saioa.
Badia eskola
Iaz sortu zuten Kontakatiluketan egitasmoa Badia eskola eta Pasaiako udal liburutegiek, elkarlanean. Haurrak liburutegietara erakarriz, irakurzaletasuna bultzatzea da asmoa, ipuinetara hurbilduz. Helburu hori lortze bidean, egitasmoaren bultzatzaileei, “ezinbestekoa” iruditzen zaie “adin ezberdinetako haurren arteko transmisioa egotea”, eta horretarako sormena tresna oso eraginkorra dela uste dute.
Badia Eskola sormena, arte eszenikoak, kultura eta euskararen erabilera sustatzea asmo duen elkartea da, eta Pasaian kultur eragileekin elkarlanean aritzen da xede horiek lortze bidean.
Hurrengo emanaldiak:
- Hilak 15, San Pedroko liburutegian, 18:00etan.
- Apirilak 5, Antxoko liburutegian, 18:00etan.
- Apirilak 12, Trintxerpeko liburutegian, 18:00etan.