Agustina Pontesta Garmendia: "La Ilusión de Errenteria kultur kolektiboari"
Agustina Pontesta Garmendia lezoarraren gutuna
Honakoa, hitzez hitz, Agustina Pontesta Garmendia lezoarrak HITZAra bidalitako gutuna:
La Ilusión de Errenteria kultur kolektiboari
“Hilabete pasatxo agertu ziren Oreretako talde baten izenean (Florentino eta neska bat) Lezon egin nahi zuten egitasmoaren berri emanez, hots, Juan Jose Esnal lezoar herritarrak nazien deportazioa pairatu zuela eta hura bizi izandako etxe parean (desagertua gaur egun) oroigarria jarri nahi zutela, alegia.
Hori dela, eta lezoar memoria taldekideok eztabaidatu ondoren, honako gutuna helarazi genion herriko udalari gure iritzia jakinaraziz. (Ikus, behean gutuna)
Eta hara non jakin dugun sare sozialetan La Ilusión de Errenteria taldeak argitaratu duen oharra gaztelaniaz, besteak beste, honakoa esanez:.’...hemos ido al ayuntamiento de Lezo y el Sr. Alcalde nos ha respondido negativamente. Parece que todavía hay instituciones, funcionarios e historiadores que no ven conveniente la recuperación de nuestra memoria. Ellos sabrán sus motivos’.
Ezin gera naiteke isilik gezurraren aurrean, badakizuelako hori ez dela egia, ez da bidezkoa eta are gutxiago zilegi, Twitterren Lezoko Udalaren, funtzionarioen eta gainera historiagileen erabakiaren aurka esandakoa, Lezoko Udalak eskuzabal jokatu izan duelako beti gai honetan (gastuak ordainduz, artxiboa gure eskura jarriaz, e.a., ), funtzionario eta historiagileek lan bikaina eginez, eta arrazoirik handiena, gerra sufrimenduaz horrelako bereizketak egiten hastea herritarren artean mingarria delako guztiontzat.
Gezurretan ari zarete, bai, memoria eginez (duela hamar urte liburua argitaratu eta bederatzi urte plaka jarri zela), omenaldia egin zitzaielako guztiei (Juan Jose Esnal deportatu horri barne), ez jasan zuten sufrimenduaren tamainakoa beharbada, baina oroitu oroitu ginen liburura ekarriz eta oroigarria plazan ezarriz. (Ikus bestela, udaletxetik jaso zenuten liburua).
Beraz, liskarretan hasteak ilusioa egiten badizue gurekin jai duzue”.
Agustina Pontesta Garmendia (Lezo)
Jarraian, hitzez hitz aldi berean, aurreko iritzian Agustina Pontestak erreferentzia egin dio gutuna:
Lezoko Udalari
“Egungo lezoarrek eta belaunaldi berriek euren aurrekoen egitateak ezagutzeko eta justiziaz, nor bere lekuan jartzeko asmoz 2008ko irailaren 13an liburua argitaratu genuen udalaren laguntzaz. Bertan aipatzen dira, bereziki, erailak gertatu ziren 33 pertsona (18 herrian bertan erailak eta 15 lezoar herritik kanpora erailak) eta 107 zigortu.
Liburuaren argitaratzea aitzakia hartuta, biktima horiei guztiei omenaldia egitea pentsatu genuen, inolako bereizketarik eta bereizkeriarik gabe, herriko plazan oroigarria paratuz denen izenean. Ekitaldi hunkigarri bezain eskertua izan zen kaltetuen eta haien familiakoen aldetik.
Ekimen haiek sustatu zituen taldeko lagun batzuek egun ere bide horretan jarraitzen dugu, “trabajadoreen” gaia jorratzen, besteak beste; “trabajadoreen” taldea ere kaltetuen artean sartzen dugulako eta horien sofrikarioa ere ikusgarri egin nahi dugulako. Lezo leku estrategikoa izan zen Jaizkibelgo errepidearen eraikuntzan, beraz, aski lan badugu historia horri ere ekin nahi badiogu.
Jakin badakigu herri askotan sortu direla lantaldeak eta bakoitza lan-ildo desberdinak lantzen ari dela. Ekimen horiekin lotzen dugu Errenteriatik egin diguten jakinarazpena ere, hau da, hango talde batek gure herrian egin nahi duen ekimen baten berri emanez egin digutena. Nazien deportazioa sufritu zuen lezoar bat bizi izan zen etxearen orubean, edo parean (Toneleria zeritzan etxean) oroigarri bat ezartzeko asmoa du talde horrek. Guri asmo hori adierazi digutenez, babes dezagun edo, eta udalari ere eskaera egingo diotelakoan, gure iritzia azaldu nahi dizuegu.
Guri memoria historikoaren gaia landu dugun lezoar gisa eskaera hori ez zaigu egokia iruditzen, ez merezi ez duelako, baizik eta guk gai horiek jorratzerakoan erabili dugun irizpide nagusia urratzen duelako, frankismoak eragindako biktimak era bateratuan aitortzearena alegia. Errenteriako taldeak aipatzen duen herritar hori ere omendua izan zen besteekin batera herriko plazan egin zen omenaldian (ikus, ZIGORTUAK ilunpetik argitara 55. orr.). Beraz, gu behintzat, ezin gara horrelako bereizkeriatan erori, oso mingarria bailitzateke gure herritarren artean halako bereizketak egiten hastea. Gure iritziz, sufrimendua pertsona bakoitzarena eta neurgaitza da eta ezin gara horrelako katramilatan sartu.
Dena den, gu ez gara, talde gisa, errenteriarrek Errenterian edo Lezon egin litzaketen ekimenetan parte izango eta ez ditugu horiek bultzatuko, ez eta oztopatuko ere.
Beraz, lerroon bidez, gure iritzia agertu nahi izan diogu Lezoko Udalari”.
Agustina Pontesta Garmendia eta Joxe Luix Agirretxe Mitxelena