Errenteria-Oreretako eta Irungo AEK-n hitano ikastaroak ematen ari dira. Hizkera kolokialena irakasteaz gain, gizarteratzea da helburua epe luzera.
Isabel Mancebo Balda
Kaleko hizkeran jaun eta jabe zen hitanoa garai batean. Urteen poderioz, euskararen erregistro xeheena galtzen joan da —batez ere euskaradunen portzentajea jaitsi den herrietan—.
Euskaldun kopurua handitzen ez ezik, hitanoa berreskuratzen hasi dira Errenteria-Oreretako Xenpelar AEK euskaltegian eta Irungo AEK-n. Joxe Mari Jauregi udaleko euskara teknikaria izan zen hitano ikastaroa egitea sustatu duena. Bere ustez, hitanoa galtzen ari da. Esperientzia pertsonala azaldu du: ”Nire etxean, amak, hiru seme zaharrenei hika hitz egiten zien. Txipa aldatu eta hiru gazteenoi zuka hitz egiten hasi zitzaigun. Uste dut egon zela tarte bat noiz hika hitz egitea peioratibo bihurtu zen”.
Eguneroko hizkeratik pixkanaka desagertzen hasi zen orduan eta, Jauregiren esanetan, irudi du, euskaraz aritzean, denak erregistro berean aritzen garela. “Justu hitanoak paper garrantzitsua joka dezake hor, eta puntu makarragoa eman”, gaineratu du euskara teknikariak. Hika aritzea euskara jasoagoan aritzea dela gezurtatu du.
Horregatik, orain dela lau urte euskaltegietako irakasleak hitanoan formatzen hasi ziren, gerora transmititu zezaten. Jauregik azaldu duenez, hitanoaren nozioak harrapatzea “erraza” da, eta horregatik, estreinakoz, hogei orduko ikastaroa antolatu dute, Xenpelar AEK-n. Irakaslea herrikoa bertakoa izatea “luxua” dela baieztatu du.
Gabezia nabarmena
Borja Arbelaitz da hamabi ikasleei hitanoaren ertzak erakusten ari dena. “Kostatu zaigu martxan jartzea, baina azkenean aurten egin dugu”, esan du AEK-ko irakasleak. Errenteria-Oreretan “gabezia handia” dagoela sumatu du, baina ez hitanoarena bakarrik: ”Nahikoa lan Oreretan euskara aditzearekin, eta hitanoarekin zer esan”.
Hainbat profil daude ikasleen artean: ”Badira euskaldunberriak direnak, eta gabezia hori nabaritzen dutenak. Badira euskaldunzaharrak, familian ama hizkuntza dutenak, baina hitanoa galdu dutenak. Baita inguruan pixka bat jaso dutenak ere eta indartu nahi dutenak”.
Metodologia aurkitzea “latza” izan da Arbelaitzentzat. Izan ere, hitano batua irakastea beretzako “absurdoa” zen, “
Goenkale-n bakarrik entzuten zelako”. Errenteria-Oreretako hitanoa zein den jakiteko zailtasunak izan ditu: “Zaila da jakitea, aditua ez naizelako, zeintzuk diren hemengo hitanoaren ezaugarriak. Erreferentzia berriak behar ditugu hemen, hizkuntzarekin jolastuta”. Alde teorikorako, Mara-Mara elkartearen
Hitanoa, mintza hadi lagun liburua erabiltzen dute, hizkera oso estandarra duena. “Helburuak markatzeko zein programa betetzeko erabiltzeko balio digu. Gure hitanoa zein den? Nik aitarengatik jaso nuena erabiltzen dut, eta aita oiartzuarra da”, zehaztu du. Aditu edota filologoei gonbita luzatu die Arbelaitzek, Errenteria-Oreretako hitanoaren ezaugarriak zeintzuk diren baldin badakizki, berari helarazteko.
Ikastaroan dauden ikasleek euskara maila altua dute, baina euskalduntzen ari direnekin ezaugarriak partekatzen dituztela ziurtatu du Arbelaitzek: ”Batzuentzat bada deseraikitze prozesu bat, eta dauzkaten beldurrak eta ezintasunak dira euskaltegiko ikasle arrunt batek dauzkan berberak. Ezagutza pixka bat badaukate, eta eskolan edo euskaltegian euskaraz ikasi dugunok, hikako formak badauzkagu buruan”. Euskararekin —bere osotasunean— gertatzen den bezala, garrantzitsuena egitea dela esan du.
Normalizaziorako faktorea
AEK-ko irakasleak azaldu duenez, erregistroa aberasteko balio du hitanoak. Euskararen normalizazioaren bidean tresna garrantzitsu izan daitekeela uste du, baita ere, maila pertsonalean, adierazkortasuna irabazteko ere.
Arbelaitzek anekdota txiki bat kontatu du. Ikastaroa iragartzen zuen kartelak jartzean, AEK-ko ikasle batek galdetu zien ea ijitoen euskara ote zen.
Ijitoek erabiltzen duten euskara erregistroa izan daitekeela —baina ez eurek bakarrik— badaki Josu Ibargurenek, eta horregatik eman zuen izena. Udalaren bitartez izan zuen ikastaroaren berri: ”Duela hiru urte lankide bat nian, baserritarra. Hark beti hika hitz egiten ziken. Geratu zitzaidan, banekiken gaizki hitz egiten nuela”.
Antzeko arrazoi batengatik hasi zen Amets Bengoetxea. “Batxilergoan zein futbolean oiartzuarrekin ibili ninduan, eta hala ibiltzen zirela ikusita, nahi nin ikasi. Noka, adibidez, oraindik ez zaidak ateratzen”, argitu du.
Imanol Zubizarreta irakaslea da, eta lankideekin hika aritzen da, baina onartu du koxka bat falta zaiola: «Nahiago diat pixka bat gehiago ikasi eta gero praktikan jarri, noski». Jose Luis Maritxalarrek lagunekin erabiltzeko ikasi nahi du, baina baditu bestelako helburuak: «Pentsatzen diat hika dela euskara salbatuko duena. Erronka ez duk pertsonala, estrukturala baizik, normalizatze bidean”. Bere ustez, gakoa hitanoa hezkuntzan txertatzea da, ikasleek modu normalizatuan ikus dezaten.
Aitor Illarretak ere antzeko bidetik jo du. “Diglosia eta hizkuntza zapalkuntzaren beste arlo bat besterik ez duk hitanoaren galera”. Maila pertsonalean, hitanoarekin harremanik ez zuelako eman zuen izena ikastaroan, eta bere euskalduntzean urrats bat gehiago delako.
Ikastaroari jarraipena eman nahi diote, etorkizunean gehiago eginez, eta gero kalean bisibilitatea eman, Mintzalagunaren antzeko egitasmoren bat eginez.