Haurraren inguruko sarea, herrira zabaldua

Haur baten inguruko sarea oinarrizkoa bada gaur egungo gurasoentzat, garai batean ere hala zen. Besteak beste, Atsolorra ere baliatuz sare horiek josten joaten ziren. Urteen poderioz, ordea, desagertzear egon da, baina Oiartzunen usadio hori errekuperatzen ari dira.

Garai batean, emakume bat erditzear zegoenean, inguruko baserrietako atsoak (seme-alabarik ez zuten emakumeak) baserri horretara joaten ziren etxeko lanetan edo kanpoko lanetan laguntzera. Erditu aurretik joaten ziren laguntzera, eta haurra jaiotakoan ere, martxa hartu artean, laguntza ematen jarraitzen zuten, hamar-hamabost egunez, guztira. Behin ama eta umea indartzen zirenean, ama horrek eskertzeko inguruko baserrietako atso eta bestelako emakumeak gonbidatzen zituen etxera, eta merienda bat egiten zuten, bakoitzak zerbait eramanda, ardo goxoa, gisatua, txokolatea…  Josune Cousillas Oiartzungo Kultura zinegotziak azaldu duenez, emakume horiek oso aukera gutxi zituzten elkarrekin egoteko: «Aukera polita izaten zen parrandatxo bat egiteko; batzuk ere kaskartzen ziren». Gero, txalaparta jotzen zutela gaineratu du: «Sinatzen zuten konpromiso bat, ume hori babestua izango zela eta denen artean aurrera aterako zutela berresteko».

Hori aspaldiko ohitura zela adierazi du Cousillasek, eta gero, Elizak bataioarekin ordezkatu zuela. XX. mendean, ordea, berreskuratu egin zen, baita Oiartzunen ere, baserri inguruan.

Garaira egokitutako jaia
Orain, ordea, beste izaera bat eman diote Atsolorrari Oiartzunen. Hala, aurreko urtean jaiotako haurtxo guztiekin eta euren guraso eta aiton-amonekin ospatzeko festa bat egiten dute. Anbulatorioko emaginak ere gonbidatu dituzte aurten. «Argi dago Atsolorra ezin dela garai batean bezala egin, gizartea asko aldatu delako. Horregatik, gure asmoa da komunitate gisa ongietorria ematea eta konpromisoa hartzea komunitate gisa haur eta gurasoak zainduko ditugula», argitu du Cousillasek.

Atsolorraren ospakizun berri honek bigarren urtea izango du aurten, eta etzi bilduko dira, 10:30ean, udaletxeko areto nagusian. Iaz, 97 haur jaio ziren, eta etxe bakoitzera gonbidapen bana bidali du udalak. 35 gurasok agertu dute joateko asmoa. Horietako bat da Aintzane Irastorza; duela urtebete pasatxo izan zen ama. Atsolorra zer zen ez jakitetik, aurten Atsolorraren antolakuntza taldean egotera pasatu da. Ideia polita dela iruditu zaio Irastorzari, «herriko haur guztiak eta familiak elkartzeko modu bat da, nahi gabe ere, bizitza elkarrekin egitea tokatuko zaigulako familia horiekin, bai haurreskolan, bai eskola edo ikastolan… Herriaren partetik polita iruditzen zait haur horiei garrantzia ematea».

Etziko jaian iazkoan izan ez ziren berritasun batzuk egongo dira. Hasteko, zuhaitz bat egin dute hamabi adarrekin (urteko hilabete bakoitza irudikatuz). Adar bakoitzean hilabete horretan jaiotako haurraren argazkia jarriko dute. Horrez gain, zapi urdin bat oparituko zaie xanistebanetan erabili ahal izateko. Zapi horretan Atsolorraren logoa eta urtea agertuko dira. Logoa ere, aurten egina da, Eneko Salaberriaren partetik.

Gainontzean, festa bat egingo dute, eta nola ez, jateko eta edatekorik ez da faltako. Bakoitza arduratuko da etxetik eramateaz. Gainera, garai batean egiten zen bezala konpromisoa sinatuko dute txalaparta joaz. Edonola ere, egitarau oso bat antolatu dute. Aurreko egunean, bihar, Mari Karmen Basterretxea Atsolorraren historian adituak hitzaldi bat emango du, Manuel Lekuona Bibliotekan, 10:30ean. Egunean bertan, aipatutakoez gain, Joxe Leonek eta Iraia Etxebestek kanta bat joko dute, udalak aurkezpen ofiziala egingo du, eta hainbat haur kanta abestuko dituzte.

atsolorra

atsolorra

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend