Etxeko langileak, duintasun bila
Etxeko langileen eskubideak bermatzeko eskatu du Etxeko Langile Etorkinen elkarteak. Legeak ezartzen duenetik urrun dira eta ordutegiak, soldatak eta jai egunak ez zaizkie errespetatzen.
18 ordu jarraian egiten du lan Linak, ez du jai egunik ezta asteburu librerik ere Egunero hamarnaka etxeko langilek egin behar diote aurre eskubide urraketariEtxeko lanetan ari diren emakume etorkin askok etxeetan izaten dutela arazoa esan du: «Diskriminazioa, arrazakeria eta jazarpen sexuala jasan dutenak badira. Horretaz gain, langile gisa dagozkigun eskubide ugari urratzen dituzte, egoiliarren kasuan otordurik ez ematea, gaixorik dagoen pertsonaren gelan lo egin behar izatea… Egoera zail asko dago eta horiei guztiei aurre egin behar izaten diegu». Etxeko langile etorkinak Etxeko Langile Etorkinen Taldearen helburuak zeintzuk diren galdetuta, argi du erantzuna Linak: «Ordutegiak errespetatzea eskatzen dugu, egun eta asteburu libreak, sexu jazarpenarekin amaitzea, baita arrazakeriarekin ere». Arazoei aurre egiteko gehiago biltzea garrantzitsua da bere ustez, «ditugun egoerei irtenbidea bilatu eta hobetzeko azken batean». Horretarako, bidea antolaketa dela dio, «gure aldarrikapenak ezagutarazteko eta beste eragileekin harremanetan izatea ezinbestekoa da». Bere familia urrun izatea ez du ongi eramaten. «Nire semeak hazten ikustea galdu dut», esan du, «eta beren bizitzako etapak galtzen ari naiz, baina lana behar dut eta han egoera okerragoa da». Hona etortzea erabaki zuenean «ideia bat» zuela, eta beste zerbait topatu zuela esan du. «Hala ere», jarraitu du, «hemen jarraitzen dut, lana dudalako, eta behar dudalako». Linarena adibide bat baino ez da. Egunero hamarnaka etxeko langilek egin behar izaten diote aurre lan baldintza kaskarrei eta dagozkien eskubideen urraketari. «Bertako emakumeekin gertatzen da, eta are gehiago emakume etorkinekin», esan du Gerar Carrere SOS Arrazakeriako kideak. «Arrazakeria handia dago oraindik gizartean», gaineratu du Carrerek, «baita Oarsoaldean ere. Emakume etorkinari lana ematean, mesedea egiten ari direla uste dute askok». Urteak daramatza SOS Arrazakeriak etorkinekin lanean, eta emakume asko hurbiltzen da beraiengana: «Horietako gehienak etxeko lanetan aritzen dira, egoiliarrak dira kopuru handi batean, eta egoera nahiko latzak bizitzen dituzte askok etxe barruan. Ez dute aholkularitzarik, babes gabe sentitzen dira, isolatuta daude». Horren harira, arrazakeriaren kontrako elkarteak zerbait egin behar zuela pentsatu zuen. «Lan aholkularitzarik ez dugu egiten guk», zehaztu du, «baina kasu zehatz honetan inork ez du ezer egiten Gipuzkoan behintzat, eta erantzun behar genuela erabaki genuen. Erantzuteko Etxeko Langile Etorkinen Taldea sortu genuen orain hilabete batzuk».
Paperik gabeko langileen kasuan areagotu egiten da eskubide urraketaLan baldintzak hobetzea, hori eskatzea eta horren alde lan egitea du helburu talde horrek —«objektibo praktikoa eta erabilgarria da»—, baina hurrengo urratsa emakume horien lidergoa sustatzea dela esan du Carrerek. Hernanin lau urteko ibilbidea egin du SOS Arrazakeriak gaiaren gainean, eta hango esperientzia hartu dute, «Oarsoaldean halako zer edo zer sortzeko». Sei emakume etorkin ari dira parte hartzen Errenteriako taldean momentuz, baina argi du Carrerek etxeko lanetan ari diren emakume etorkinena kolektibo zabala dela, eta taldea handitzea dute helburu. Langile horiek izaten dituzten arazo nagusiez ere mintzatu da Carrere. «Orduak ez dira errespetatzen. Legez 40 ordu baino ezin dira lan egin, eta etxeko langileen kasuan 20 orduan luza daiteke hori, presentzial moduan eta gaua pasatzeagatik. Teorian 60 ordutik gora ezin dira pasatu etxe batean asteko, egun erdiko atsedena egin behar da asteburuan, 12 ordukoa jardunen artean, eta bi ordu dagozkie langileei egunero otorduetarako. Horiek ez dira errespetatzen». Soldata ere ez dela errespetatzen gaineratu du: «Lanbide arteko gutxieneko soldata jasotzen dute askok, 647 euro hilabetean 14 pagatan. Pagak ere osoak kobratu beharko lituzkete legeak 2011z geroztik esaten duenez, baina erdia ordaintzen jarraitzen dute kasu askotan. Beste batzuetan ezta hori ere». Asteburua jai hartu nahi duen etxeko langile askoren kasuan, horretarako eskubidea izanagatik ere, beste pertsona bat aurkitu eta beren soldatatik ordaintzera behartzen dituzte . Paperik gabekoak Etxeko langileen eskubide urraketa ez da hor amaitzen, eta paperik gabekoen kasuan areagotu egiten da: «Une honetan paperik ez duen eta hiru hilabetez etxe batean lanean izan den emakumearen kasua dut esku artean. Lanean izan den denboran ez diote jairik errespetatu, iraindu dute… Lana uztea erabaki du, baina ez diote ordaindu azken hilabetea». Halako egoerak askotan gertatzen direla ohartarazi du Carrerek, eta irtenbide zaila dutela. «Paperik gabe daudenez», argitu du, «zerbait egiten badute poliziarenean salatuko dituztela esaten diete, ezertarako eskubiderik ez dutela. Horrela ez bada ere, beldurtu egiten dira, eta ezer gutxi egin daiteke». Horregatik omen da garrantzitsua ahalik eta proba gehien izatea, «etxe batean lanean badaude eta eskura ordaintzen badiete, diru hori berehala beren kontu korrontean sartzeko aholkatzen diegu, diru sarrerak dituztela frogatzeko balioko baitu. Etxe barruko argazkiak ateratzea ere garrantzitsua da. Ahalik eta proba gehien bildu behar dira». Izan ere, lan ikuskatzaileek ere ez omen dute erraza salaketa aurkezten den kasuetan ezer egitea: «Etxe batean sartzeko jabearen baimena behar da bizilekuaren bortxaezintasun printzipioa dela eta. Epaile baten agindua ez badago ezin izaten dute sartu, eta salaketak ezerezean gelditzen dira, beraz». 1.200 euro, gutxienez LAB sindikatuak 1.200 euroko batez besteko gutxieneko soldata eskatu du etxeko langileentzat, Etxeko Langileen Nazioarteko Egunaren harira. Bai eta gainontzeko langileek dituzten jai eta opor egun berdinak izatea ere. Ordutegien gutxieneko arautzea ere eskatu du sindikatu abertzaleak, errespetatu beharreko atseden tarteak zehaztuta, eta lana modu seguru eta baldintza osasuntsuetan egiteko eskubidea bermatzea. Eskaera horiekin bat dator Carrere: «Etxeko lanetan ari diren emakumeen jarduna ez delako kontuan hartzen. Oso garrantzitsua izan arren ez zaio baliorik ematen egiten dutenari. Gaur egun lanbide arteko gutxieneko soldata jasotzea lotsagarria da, baina errealitatea». Etxeko langileen legedia betetzen ez bada, zaila deritzo hobekuntzak lortzeari SOS Arrazakeriako kideak, «kontrol sistemak hobetzea da bidea, horrekin behintzat legeak materia honetan diona betetzea lortuko genukeelako».