Pikoketa Errepublikazaleen Elkarteak deitutako ekitaldiekin bat egitera deitu ditu herritar guztiak.
Errepublikako bandera eta ikurrina azken plenoan
Bihar, apirilak 14, Espainiako II. Errepublikaren egunaren harira errepublikanismoaren printzipioak bere egingo dituela esan du EH Bilduk. “Munizipalistak garen neurrian, gure errepublikanismoa aldarrikatuko dugu. Errepublikanismoak, gizartea eskubidedun subjektu bezala ikusteaz gain betebeharrak dituen subjektu gisa ikusten du. Gobernatzeko orduan erantzukizuna instituzioek herritarrekin partekatua behar duela onartzen duen teoria politikoa da”.
Errepublikanismoa, “nostalgiaren begietatik” ez dutela begiratzen gaineratu du koalizio subiranistak, “Euskal Herriko lehen errepublika sortu nahi dugu, estatu subirano bat herriek dugun erabakitzeko eskubide ukaezina baliatuta”. Pikoketa Errepublikazaleen Elkarteak deitutako ekitaldiekin bat egitera deitu ditu herritar guztiak, bestalde.
Hemen hitzez hitz EH Bilduren adierazpena:
“Aprilaren 14an, munizipalistak garen heinean, gure errepublikanismoa aldarrikatuko dugu. Errepublikanismoak, gizartea eskubidedun subjektu bezala ikusteaz gain, betebeharrak dituen subjektu gisa ikusten du. Hots, gobernatzeko orduan, zeregin horren erantzukizuna instituzioek herritarrekin partekatua behar duela onartzen duen teoria politiko bezala. Herritarrak res publikoan, arlo publikoan, parte hartu eta errealitate politiko eta soziala sortzeko gaitasuna defendatzen du errepublikanismoak. Azken finean, herritarren nahi subiranoa ezin da ordezkatu.
Dena den, errepublikanismoari ez diogu begiratzen Bigarren Errepublika espainiarrak askori sor diezaiokeen nostalgiaren begietatik. Etorkizunera begiratzen dugu: ongizatea, justizia eta bertinasunean oinarritutako etorkizuna, Pikoketa taldeak apirilaren 14 a dela eta aurkeztutako mozioan jaso duen baloreekin, alegia. Euskal Herriko lehen errepublika sortu nahi dugu, Estatu subirano bat, herriek dugun erabakitzeko eskubide ukaezina baliatuz. Horretarako kontratu sozial berri bat proposatzen dugu, aspaldi lehertu baitzen Espainiako Estatuko kontratu sozial hori.
Horregatik guztiagatik, eta sentimendu demokratiko eta internazionalismo zintzoenetik, herri guztien eskubidea defendatzen dugu, euskalduna eta espainolarena ere, bakoitza bere prozesu konstituziogiletik abiatuta errepublika duin eta zuzenak eraikitzekoa. Faxismo espainiarra borrokatzen askatasuna eta bizitza galdu zutenek zituzten printzipio berdinak defendatzen ditugula uste dugu. Paul Preston historialariak holokausto espainiarra bezala definitu zuen sarraski horretan.
Horregatik defendatzen dugu Espainiako Bigarren Errepublikaren bandera jartzea apirilaren 14an, ikurrinarekin batera. Uste dugu Estatuak ez dituela oinarrizko irizpide demokratikoak betetzen eta, ahal den lekuan, prozesu apurtzaileak aurrera eramateko deia egiten dugu.
Estatu espainiarrean bizi garen herriok etorkizun hobe, duin eta zuzenago baterako eskubidea dugu. Gure etorkizuna erabaki nahi dugu, bidezkoagoa izango den gizarte bat eraikitzeko. Horregatik, herritarrei dei egiten diegu apirilaren 14ko ekitaldietan parte hartu dezaten”.