Oarsoaldeko puntu ilunen diagnosiaren barruan, hamazazpi tarte arriskutsu identifikatu dituzte udalerrian. Ez da behin-betiko zerrenda.
Elizaren ingurua da egungo puntu ilunetako bat.
Atzo arratsaldean Oiartzungo emakumeentzako puntu ilunen diagnosiaren aurkezpena egin zuten udaletxean. Itsasne Loroño izan zen egindako azterketaren emaitzak emateko ardura izan zuena. Eskualde mailako azterketa egin dute, eta guztira hamazazpi puntu ilun identifikatu dituzte Oiartzunen. Errenteria-Oreretan 25 topatu dituzte, Lezon hemezortzi eta Pasaian beste hamazazpi. Loroñok azaldu zuenez, Lezok azterketa sakonagoa egin du, parte hartze prozesu handiagoarekin. Horregatik identifikatu dituzte puntu ilun gehiago.
Hainbat irizpide jarraitu dituzte puntu ilunak seinalatzeko orduan. Horrela, emakumeak ingurua ezagutzea da horietako bat. Zentzumenekin dute zerikusia beste irizpideek: ikustea eta ikusia izatea, eta entzutea eta entzutea izatea. Irtenbiderik ez egoteak puntu ilun izendatzeko aukerak handitzen ditu. Inguruak zikin eta zaindu gabe egoteak bertan elkarbizitza gutxi egoten dela adierazten du, eta, azkenik, espazio publiko bat modu kolektiboan erabiltzen denean, segurtasun handiagoa ematen du.
Hirigintza antolaketa, giltzarri
Oarsoaldean identifikatu dituzten 77 puntuetan gehien aipatutako arazoa argiztapen arazoa da. Oiartzunen, argiteriaren arazoa badagoen arren, udalerriaren antolaketa da puntu ilun gehiago egotea ahalbidetzen duena. Izan ere, auzoak sakabanatuak egotearekin batera, toki bakartu asko daude Oiartzunen. Loroñok, irtenbideak aurkitzeko garaian, hainbat gomendio eman zituen: argiztapen egokia egotea —eremu urbanoetan— eta herri barruko garraioa egokitzea. Gauzak horrela, honakoak dira orain arte identifikatu dituzten hamazazpi puntu ilunak, auzo guztiak eta udalerri guztia aztertu gabe:
- Arragua eta Lintzirin arteko pasabidea, baita ingurua.
- Topo geltokiaren irteera.
- Hiru parkingak: Landetxe, Euskal Herria eta Beheko plazetakoak. Aire zabalean dauden aparkalekuak: Ikastola ondokoa, kiroldegikoa eta Euskal Herria plaza eta saihesbidearen artekoa.
- Elizalde eta Arragua lotzen dituen bidea.
- Kaskoan: Elizaren plaza ingurua, labaderoa, Ibargain parkea eta Kontzejuerreka kalea.
- Larrezabaleta kalea, Arraguan. Batez ere, autopista azpiko tunelean.
- Igerobi bidea.
- Katalintxo atzealdeko bidea.
- Elorrondo kalea.
- Altzibar eta Iturriotz lotzen dituen bidea.
- Erriondo bidea.
Oraindik baieztatu ez duten arren, ekarpen gehiago egiteko aukera egotea aztertzen ari dira.