Bihar egingo dute Alternatiben Oihartzuna. Kapitalismotik aparte
beste eredu bat eraikitzen ari diren hainbat norbanako eta eragile elkartuko dira.
Alternatiben Oihartzuna ekitaldiaren aurkezpena, antolatzaileekin.
Kapitalismoari aurre egiten dion norbanako eta eragile gehiago daude egunez egun. Ez hitzez bakarrik: jardunean ere egungo sistemari aurre egiten diote, alternatibak eraikiz. Beste modu batera bizi daitekeela erakutsi nahi dute.
Eguneroko praktikaren erakusleiho, Alternatiben Oihartzuna antolatu dute biharko. Baiona, Donostia eta Bilboren lekukoa hartuko du Oiartzunek.
Alternatiben Herriaren lehen ekitaldia Lapurdiko hiriburuan egin zuten, 2013an, Bizi mugimenduak antolatuta. Iaz izan ziren beste biak, Eskubide Sozialen Kartak: Donostiakoa ekainean, eta Bilbokoa urriaren 24an. Aldarrikapena, hausnarketa, eta nola ez, ospakizuna uztartuko ditu biharko ekitaldiak.
“Alternatibak dituen herria bizirik dago”. Hori irudikatu nahi dute bihar, baita “inposatzen diguten gizarte ereduarekin ados” ez daudela ere. “Ez gaude gustura, ez gaude ados. Baina bereziki, eta horrek elkartu gaitu, ez dugu irtenbiderik ez balego bezala bizitzen jarraitzeko asmorik”, esan dute antolatzaileek.
Eredu alternatiboa bestelako harreman eta balioen gainean eraiki nahi dute. Lurra errespetatuko duen gizartea nahi dutenen topagune izango da Oiartzun bihar, eta herritarren interesak jarri nahi dituzte erdigunean, euren premiak asetuz.
Interes komun horiek dituzten askoren topagune izango da Oiartzun. Martxan dauden proiektuak ezagutaraziko dituzte bihar, eta horiei buruz hausnartzeko parada ere izango dute. Bihartik aurrera, “herri bezala, beste norabide batean pausoak ematea” da Alternatiben Oihartzunaren antolatzaileei helburura. “Eguneroko erabaki txiki bakoitzak, eguneroko aldaketa txiki bakoitzak ekarriko ditu aldaketa handiak”, gaineratu dute.
Horregatik, ekitaldiz lepo betetako egitaraua antolatu dute, goizetik iluntzera arte.
Hitzaldi sorta
11:00etan hasiko da Alternatiben Oihartzuna, plazan botako duten txupinazoarekin. Toki berean azoka jarriko dute, 14:00ak arte, eta nekazarien, artisauen eta proiektu alternatiboen postuak izango dira. Eguraldi txarra eginez gero, Kontzejupean izango litzateke.
11:15etik aurrera, Fermiñeneko terrazan —euriarekin, udaletxeko pleno aretoan— hainbat esparrutan dabiltzanek hitzaldiak emango dituzte, ordu erdiko iraupenekoak. Honakoak izango dira: ekonomia solidarioa, Koop57 eta Fiareren eskutik; ekonomia feminista (Amaia Perez-Orozko); energia berriztagarrien kooperatiba (Goiener); eskualdeko elikadura burujabetza proiektuei buruzkoa (Arraztalo, Labore, Oiartzungo Elika kooperatiba) eta Banda zabaleko Internet, kostu prezioan (Oiartzuna). Azkeneko solasaldian, ekonomia sozial eraldatzailea jorratuko dute Olatukoopeko kideek. 13:45ean hasiko da.
14:00etan atseden hartu eta bakoitzak etxetik ekarritako bazkariarekin egingo dute otordua, plazan. Giroak lagunduko ez balu, ludotekan bazkalduko dute. Jakiak gordetzeko kontsigna egongo dela jakinarazi dute antolatzaileek, eta zizka-mizkak, edaria, postrea eta animazioa ere eurek jarriko dute.
17:00etatik aurrera, muxikoak dantzatuko dituzte Done Eztebe plazan. Ordu berean, xanistebanetarako haur egitaraua lantzen hasiko dira Abaraxka ludotekan. Kataxulo Gaztetxian, berriz, etxebizitza ereduen alternatibak izango dituzte hizpide.
Egitarauan agertzen diren jardueretatik azkena “morez musikatutako” bertso saioa izango da. Ainhoa Aranburuk jarritako gaiei arrapostu egin beharko diete Amaia Agirre, Miren Amuriza, Oihana Bartra eta Alaia Martin bertsolariek. Ixak Arruti eta Maddi Etxeberriak izango dute musikatzeko ardura. Oiartzungo oihartzuna handia izatea nahi dute.